Denboraldi honetan Mojategin jokatzen duen bigarren partidua izan du gaur Arrasate/Ordizia taldeak, eta oraingoan ere ihes egin dio garaipenak. 5-54 galdu du Universitario Bilboren aurka. Konfinamenduak eta bestelako konpromisoak tarteko, taldeko entrenatzaileek ezin izan dute partidua bertatik bertara jarraitu. Horien partez, bi jokalarik, min hartutako Olatz Orokietak eta Intza Lekuonak gidatu dute partidua, beti ere aginduak telefono bidez jasota.
Bilbotarrak izan dira lehen entsegua eta transformazioa lortu eta markagailuan aurretik jarri direnak, eta horrelaxe jarraitu dute partidu osoan zehar, nahiz eta etxekoek ere entsegua egin duten lehen zatian. Gauzak horrela, 5-28 joan dira atsedenaldira. Bigarren zatian etxekoek ez dute entsegurik lortu, baina bilbotarrek bai, eta hala, 5-54 izan da azken emaitza. "Partidu oso zaila izan da, Bilbokoak oso gogorrak direlako. Baina esango nuke bigarren zatian partiduari buelta ematea lortu dugula, eta haiek guk baino zailtasun gehiago izan dituztela", azaldu du Olatz Orokietak.
Ikaste prozesuan
Oraingoz, denboraldi honetan ez dute partidurik irabazi Arrasate/Ordiziako neskek eta sailkapenean azken postuan daude. Dena den, ikaste prozesuan daudela azpimarratu du Olatz Orokietak: "Iaz, pandemia tarteko, ezin izan genuen nahi beste entrenatu, eta partidurik ere ez genuen izan. Denboraldi honetan hasi gara bi herrietakoak batera txapelketa jolasten, baina ez dugu batera entrenatzen, bi astean behin bakarrik. Ahal dugun moduan ari gara moldatzen. Baina ikaste prozesu bat da. Pixkanaka jende gehiago dator taldera eta horrek jende berria kudeatzea eskatzen duen arren, polita ere bada, hasieratik denok batera ikasten dugulako".