GI-627 errepidean, Musakolako Eroski aurreko biribilgunearen eta Kataideko poligonoaren artean dagoen zatian gertatu zen ezbeharra, Arrasatetik Elorregirako noranzkoan. Auto bat errepidetik irten, eta bidea gurutzatzen duen Deba ibaira erori zen gaueko 22:30ak bueltan.
Ertzaintzak Goienari jakinarazi dionez, abisua jaso eta ahal bezain laster bertaratu ziren istripuaren gunera. Iritsi zirenerako, baina, ibilgailuaren kanpoan zegoen gidaria, onik eta zauririk gabe. Poliziaren arabera, hipotesi nagusia izotzagatik ibilgailuaren kontrola galdu eta errekara jausi izana da.
Garabiaren zain
Ezbeharra izan zuen ibilgailua lekuan bertan dago oraindik. Ertzaintzak adierazi duenez, maniobra korapilatsua da autoa errekatik ateratzea, gunearen zailtasunagatik eta inguruaren egoeragatik. Beraz, eta gaur izatea espero duten arren, beharrezko garabiaren zain daude ibilgailua erretiratzeko.