Partidurik galdu ez duen 'oilarra' dator Mojategira

Xabier Urtzelai 2022ko urt. 21a, 12:29
Elgoibarren kontrako partiduan, iazko otsailean. Argazkia: Imanol Soriano.

Zapatuan (16:30) Mojategin bisitari izango den Elgoibarrek oraindik ez daki ligan partidu bat galtzea zer den, eta, hala ere, ez dira kategoriako liderrak. Touring dago aurretik, eta, hain zuzen, Mondra da liderrari aurre egin dion talde bakarretakoa.

Kategoriaz jaitsi berri den Elgoibarrek oraindik ez du partidurik galdu. "Touringekin batera Elgoibar da, orain arte ikusitakoaren arabera, koska bat gorago dagoen taldea. Touringi irabazteko kapaz izan ginen, eta normalena da Elgoibarrek lehenago edo geroago ere partidu bat galtzea; ea gure kontra den", dio Cristian Levisek, Mondrako entrenatzaileak.

Hala, halako kontrario baten aurrean garbi dauka ezin dutela burua galdu: "Uste dut halako partiduak naturaltasunez hartzea dela onena. Eibarren kontra ikusi genuen larregiko motibazioak ez digula mesederik egiten, hanketan pisu handiegia sumatu genuen orduan, eta, esaterako, uste dut UDAren kontrako derbian hori hobeto kudeatu genuela".

Koronabirusak, tregoa

Levisek hainbat jokalari ditu min hartuta, baina Elgoibarren kontrako partidua nahiko ondo prestatu ahal izan dutela nabarmendu du: "Gabonen bueltan dezente zigortu gintuen COVID-19ak, baina aste honetan tregoa moduko bat izan dugu, ez dugu taldean gorabeherarik izan, eta eskertzekoa da, gainera. Talde arrasatearra bosgarren dago sailkapenean, eta mailari eusteko borrokan baino gehiago goiko postuen saltsan ibil daitezkeela ikusi dute, nahiz eta orain arteko berdinketa kopuruak ez dien mesederik egin.

"Egia da hori nahiko erlatiboa dela. Esaterako, Ordiziaren edo Allerruren kontra berdindu genituen partiduak irabaztekoak izan ziren, eta berdinketa motz geratu zitzaigun. Kontrara, Bergararen kontra berdindu izan bagenu... Urre zaporea izango zuen berdinketa horrek. Hor dago Elgoibar, berdinketa askorekin, baina aurre-aurrean. Ez galtzea beti da positiboa, baina bai, egia da liga amaieran berdinketa horiek pena ematen dizutela, puntu bat sari txikia izan daiteke".

Orain arte egindakoa, datuetan

  • Garaipenak eta porrotak:

Berdin Orain arte jokatutako 17 jardunaldietatik 7 partidu irabazi dituzte, 7 berdindu eta hiru galdu. Berdinketa kopuru horrek asko zigortu du talde zurimorea.

  • Defentsan, sendo

18 gol egin ditu Mondrak, eta 13 jaso. Elgoibar, Eibar, Bergara eta Touringekin batera gol gutxien jaso dutenak dira.

  • %92, etxekoak

Lehenengo itzulian, Cristian Levisek 26 jokalari erabili ditu; horietatik 24 arrasatearrak dira. 8 urte klubean Jokalarien artean klubean daramatzaten urte kopurua, batez beste, 8,07koa da.

  • Talde gaztea da

Taldeko jokalarien adinaren batez bestekoa 23 urtekoa da. Zarautzen kontrako partiduan atera zuten hamaikako gazteena (21,9).

  • Bost jokalarik debuta

Aurtengo denboraldian, oraingoz, debuta egin dute Pascualek, Xoxin-ek, Txito-k, Arizagak eta Errastik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak