Seme-alaben heziketan zailtasunak dituzten familientzako tailerra, otsailean hasita

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko urtarrilaren 19a

Arrasateko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak antolatuta, "gurasoek estrategia pertsonalak, emozionalak eta hezitzaileak bereganatzeko" saioak egingo dituzte, "familia-bizikidetza eta gurasotasun-eredu positiboak garatzeko". Zortzi saio egingo dituzte, otsailetik maiatzera (hilean bi saio).

Seme-alaben heziketan zailtasunak izan ditzaketen familiei zuzendutako saioak izango dira, "dela gurasoek erabiltzen duten heziketa ereduak eraginkorrak ez direlako, familia sisteman dauden zailtasunengatik (dibortzio edo banatze prozesua...), seme-alabek eskolako egokitzapenean eta errendimenduan arazoak dituztelako, seme-alaben portaera arazoengatik, seme-alaben kontsumo goiztiarrengatik eta abar".

Landuko dituzten edukiak honakoak dira:

  • Familiaren egitura: mugak argitu, arauak adostu, azpisistemen arteko aliantza egokiak sendotu.
  • Komunikazioa: adierazteko, entzuteko, desberdintasuna onartzeko gaitasuna landu.
  • Gurasotasun positiboa: gurasoak ahaldundu seme-alabei nortasunaren bilaketan eta autonomiaren eraketan lagundu ahal izateko.
  • Bizikidetasuna: bikote arteko desberdintasunak seme-alabengan ahalik eta gutxien islatzea.
  • Lotura afektiboa: atxikimendua, lehentasunak, itxaropen zapuztuak eta konfiantza galtzea.
  • Familiak ahalduntzea: porrota bezalako sentimenduak gainditzeko.

Kulturateko Biteri gelan egingo dituzte saioak, seme-alaben adinaren arabera, bi taldetan banatuta: 3-10 urteko seme-alaben guraso taldea (martitzenetan, 17:00etik-18:30era) eta 11-16 urte bitarteko seme-alaben guraso taldea (martitzenetan, 18:45etik-20:15era).

Izen emateko bi bide daude: Gizarte Zerbitzuetara deitu (943 25 20 07) edo prebentzio@arrasate.eus helbidera idatzi, urtarrilaren 28a baino lehen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak