CRAP taldea, diskoa kaleratu berritan: "Balio handiagoa eman behar genioke kulturari"

Hasier Larrea 2022ko urt. 14a, 13:43

Jimmy Jazz aretoan, joan den urrian (Argazkia: Poli Karpo).

'We are... CRAP' izeneko zazpi abestiz osatutako biniloa kaleratu berri du CRAP taldeak, eta Spotify plataforman entzungai dago. Laukotea batuta egoteagatik egiten dute musika.

Iker Caballero, Ander Azkarate, Borja Perez eta Aitor Barbadillo dira CRAP taldea osatzen duten musikariak. Barruak askatu dituzte azken bi urteetan jazotakoak euren ikuspuntutik adierazita. Aitor Barbadillo bateria-joleak erantzun ditu galderok.

Disko pandemikoa dela diozue. Zer dela eta?

Ideia guztiak pandemia garaian garatu genituelako. Egunerokotasunean oinarritzen gara letrak idazterakoan, eta, oraingoan, ezin gai honi izkin egin.

Zer topatuko du entzuleak 'We are... CRAP' LPan?

Sei abesti propio; hau da, ingelesezko bost eta euskarazko bat -egin dugun lehena-, eta Sex Pistolsen Did you no wrong-en bertsioa. 70eko Australia, Ingalaterra eta AEBetako punketik, 60ko rock klasikotik eta Eskandinaviako punk rock high energy-tik edaten dugu, batez ere.

Kantuen izenburuak zuzenak dira, interpretazio gutxi behar dutenak.

Lehenengoa, Prisoner (in my living room), konfinamenduari buruzkoa da; Sweetest friend-ek lagunen arteko gorabeherak ditu ardatz; Too much rock & roll kantak asteburuetako desfaseez dihardu, nola hel zaitezkeen lanera lur jota astelehenean; Dirty road etxeratze aginduaren bueltan egin genuen, kontzertuetara joateko nahia erakusten dugu hor; We are CRAP gure esentziatik egin dugu, jende jakin batez nazkatuta gaudela adierazteko; azkena, Mundu baten, Brutal Melodyko Aner Narbaez abeslariak idatzi digu, eta gaur egungo politikari buruz mintzo da.

Biniloaren azala eta kontrazala.

Gustura zaudete emaitzarekin?

Zeharo. Pookah Sound Estudioko Mike Ether-ekin grabatu dugu Bilbon. Aspaldiko laguna dugu, Safety Pins taldekoa. Gertutik jarraitzen dugu bere lana, eta Damned taldearen bertsio bat grabatzeko aukera izan genuen Pookah-en. Hura entzundakoan ohartu ginen lan luzea toki berean egin nahi genuela; esan eta egin. Gure ustez, sekulakoa da emaitza. Biniloa nahi duenak gurekin edo banatzaileekin kontakta dezake, hau da, Bilboko Kaset Ekoizpenak eta Family Spree Recordings-ekin.

Kantuak aurkeztu al dituzue jendaurrean?

Azken hauek ez, fisikoki heldu arte itxaron baitugu. Dena ondo bidean, Oñatiko Ikatz tabernan joko dugu Discipulos de Dionisiorekin, otsailaren 4an. Azkenaldian kontzertu gutxi eman ditugu; gogoangarriena Jimmy Jazz aretokoa izan zen urrian, Nowhere trip eta CRAP albumetako abestiak jo genituen bertan.

CRAP-en bideoetan ageri dira zuen identitateari buruzko pistak: promoziorako itzulpen umoretsuak, Crapie maskota... Jarraitzaileek eskertuko dute.

Bizitasuna ematen diote gure jardunari, jendea txoratu egiten da. Crapie zakarrontzian topatu genuen eta orain bat gehiago dugu taldean. Zuzenekoetan ere irteten da, pentsa!

Crapie, entsegu lokalean.

Nola eboluzionatu duzue, oro har?

Serioago jarri gara. Konposatzerakoan buelta batzuk ematen dizkiogu hasierako ideiari, ez larregi eta ez gutxiegi. Zuzenekoetan ahalegintzen gara kantuak bata bestearen ostean jotzen, etenik gabe ia.

Eta zenbat aldatu da zuek mugitzen zareten zirkuitua?

Jendeak kontzertu handietara joateko joera hartu du, taberna eta areto txikien kalterako. Horri gehitu agintariak gaueko aisialdia murrizten dabiltzala... Ataka estuan gaude, bai musika bandak eta baita aretoak ere.

Ezer gehiago gehitu nahi?

Politikariek autokritika gehiago egin behar lukete, errua ostalariei bota eta ospitaleko langileak kaleratu beharrean.

Atera duten azken bideoklipa:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak