Ximun Fuchsen kanpo begiradarekin eta Gartxot Unsainen musikarekin ondu du ATX Teatroak izen gabeko gerra batean kokatzen den Lubaki lainotsua antzezlana. Diziplina zorrotzeko gerlari beteranoak ez du batailarik ezta areriorik azkenaldian bere inguruan, baina dena aldatuko da postari gazte batek gutun bat ekartzen dionean. Hortik abiatuta garatuko dira "zahar eta berriaren arteko komunikazioa, norberaren bizitza balioan jartzea edota trantsizio naturalaren aurkako eta aldeko argudioak" bezalako gai unibertsalak.
Gaur, urteko lehen antzezlana
Domekakoaren aurretik Txanogorritxotik otso emera antzezlana jasoko du Amaia antzokiak gaur, hilak 10, 19:30ean. Tentazioa antzerki taldearen eskutik, Aitziber Garmendiak interpretatzen du Kepa Errastik euskarara moldatu duen Marta Fernandez de Vegaren jatorrizko testua, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean. Egileen esanetan, ikuskizuna "harreman afektiboei buruzko azterlanaren emaitza da, hots, maitasunaren patetismoa barrearen bitartez gainditzeko benetako eskuliburua".
Bi obrak ikusteko sarrerek 10 euroko kostua dute, eta arrasate.eus atarian eta antzokiko txarteldegian daude salgai.