Hitzaldian, Pirinioetako mendi nagusi eta ezagunenetatik bidaia bat proposatuko du Hilariok, mendikatearen 500 milioi urteko historia eraikiz. Honela azaldu du geologoak berak: "Pirinioak gure Himalaia txikia dira. Ez dira munduko mendi altu eta ikusgarrienak, baina ederrak dira oso eta geologiarentzat opari galanta dira. Hitzaldi honetan hain gertuko dugun mendikate honetako mendi nagusi eta ezagunetatik bidai bat egingo dugu 500 milioi urteko historia harrigarria eraikitzeko. Pangearen sorreran egongo gara, basamortuak zeharkatuko ditugu, sumendiak igoko ditugu, koralezko uharrietan murgilduko gara eta glaziar erraldoien gaineaa ibiliko gara. Hori guztia Pirinioetatik atera gabe. Gure mendiak beste modu batean ikusi eta ulertzeko paregabea".
Asier Hilario geologian doktorea da eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa. Geoparkeen Sare Europearreko aholkularitza batzordeko kide ere bada, UNESCOko ebaluatzailea eta Nazioarteko Geozientzia Programa ospetsuko batzorde zientifikoko kide. Hainbat liburu eta dibulgazioko artikulu idatzi ditu. Bere eginkizun nagusiak, lurreko zientzien komunikazioa, ondare geologikoaren kontserbazioa eta maila globalean Geoparkeen egitarauaren garapena dira.