Zunbeltz Auzmendi: "69an bukatzen zen zenbaki bat eskatu zidan bezeroak"

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko urt. 7a, 15:26
Zunbeltz Auzmendi zenbaki sarituarekin.

'El Niño' loteriaren bigarren zenbaki sarituaren dezimo bat saldu dute Arrasateko Eroskiko Prentsa Txokoan; 75.000 euroko diru saria du. Administrazioko jabe Zunbeltz Auzmendik gogoan du zenbakia aldatzeko aukera eman ziola bezeroari.

"Kuriosoa izan zen. 69an bukatzen den zenbaki bat eskatu zidan bezero batek. Makinan sartu nuen eskaera hori eta 44469 zenbakia atera zitzaidan. Aurretik hiru lauko ikusita, aldatzeko aukera eman nion bezeroari, zenbakia arraroa zela irudituta. Baina berak ezetz esan zidan, berarendako zela eta zitzaiola axola, 69an bukatzen zela-eta. Eta horrelaxe erosi zuen dezimoa", kontatu du dezimoaren saltzaileak, Arrasateko Eroskiko Prentsa Txokoko jabe Zunbeltz Auzmendik. Dezimo bakarra, horixe, saldu dute administrazio horretan; 75.000 euroko saria du.

Gaur, urtarrilak 7, bat baino gehiago sartu da kioskora Auzmendi zoriontzera. Goizean egon da, gainera, Estatuko loteria eta apustuen administrazioko ordezkari bat Prentsa Txokoan sariaren berri ematen duten kartelak jartzen eta argazkiak ateratzen.

Administrazio mistoa da Arrasateko Eroskin dagoen Prentsa Txokoa: prentsa, aldizkariak eta denbora-pasak saltzen ditu batetik, eta loteria ere bai bestetik. Loteria, baina, makina bidez, ez ditu dezimoak. "Inork hartzen ez dituen zenbakiak, soberan gelditzen direnak, ematen ditu makinak. Oraingoan ere horrela izan da, bukaeraren zenbakia jarri eta 44469 izan da eskainitakoa", dio Auzmendik. Lehen aldia da El Niño loteriaren sari bat ematen dutena hor, baina beste makina bat sari eman dituzte izan loteriakoak, primitibakoak edo euro-milioiko bat. Azken saria duela lau urte eman zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak