Tanto bakarragatik ez du jantzi txapela Ander Muruak (22-21)

Hasier Larrea 2021ko abe. 26a, 19:19

Argazkiak: Diario Vasco.

Aurrelari arrasatearrak Bankoa Abanca-DV txapelketako finala jokatu du Zarautzen Aratz Irazustabarrenarekin bikotea osatuta, Hodei Exposito eta Aimar Morgaetxebarriaren aurka. Hil ala biziko tantoan egin die ihes garaipenak, Murua gantxoa egitera joan eta pilota txapapera bota duenean.

Tentsio handiko partidak izaten dira Bankoa Abanca-DV txapelketako finalak, eta arrazoi horregatik sarri ez dira partidu ikusgarriak izaten. Ez da hori pasa gaurko senior mailako finalean. Oso neurketa parekatua jokatu dute bi bikoteek, elkarren arteko alderik nabarmenena lau tantokoa izanik.

20-21 galtzen iritsi dira Murua eta Irazustabarrena azken txanpara, eta Expositoren huts batek azken tantoa jokatzeko sakea eman die. Muruak txapela eramateko aukera paregabea izan du ezker gantxoa egitera ausartuz, baina bere errematea ez da txapa gainera iritsi. Arrasatearrak GOIENAri aipatu dio gogoratuko dela huts horretaz "egun batzuetan zehar". Abenduaren 31n zauriak sendatzeko abagune aproposa izango du Zaldibarko binakako finalean, gaur aurkari izan duen atzelaria izango duelarik laguntzaile. 

Lagunen babesarekin

Zarauzko Aritzbatalde frontoira pilotazale ugari hurreratu dira kategoria ezberdinetako neurketak ikustera, Muruaren lagunak tartean. Adierazi diotenez, kanpotik "gustura" jarraitu dute partidua, "oso lehiatua" izan delako: "Aukeran, ordea, nahiago nuen lehia gutxiago egon eta erraztasunez irabaztea, baina aurkariak oso serio aritu dira eta ahal izan dugun guztia egin dugu", adierazi du Muruak. Guztira zortzi tanto amaitu ditu, eta azpitxapeldun izan bada ere, "egindakoarekin konforme" gelditu da aurrelaria. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak