Kultura ekitaldiak urtea bukatzeko eta hasteko

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko abe. 23a, 15:11

Askotariko kultura proposamenak izango dira datozen egunetan amaia antzokian eta kaleetan zehar udalaren, Santamas Komisiñoaren eta herriko beste eragile batzuen eskutik; udal aretoetara sartzeko ezinbestekoa da COVID-pasaportea erakustea.

Kubako doinuak Amaia antzokiraino gerturatuko ditu Ruper Ordorika musikariak gaur, eguena, 19:30ean hasita izango den kontzertuan; izan ere, abendu hasieran argitaratu zuen Amour eta toujours diskoa aurkeztuko du. "Disko berezia da niretzako, egiteko bidea oso ezberdina izan delako, eta entzun duenak ere ñabardura ezberdinak sumatuko dituela uste dut. Tinbrikoki guztiz bestelakoa da diskoa, Afro-Kuba giroko kantuak egitea zen-eta hasieratik genuen asmoa. Nire kantuak dira, baina hango musika-gakoa edo giltza erabilita. Doinuez gainera, kantuen hitzek ere Kubaraino hurbiltzen gaituzte, hango bizipenak eta istorioak dira-eta kantuen oinarri nagusia. Nik idatzitakoak dira gehienak, baina badira, esaterako, Joseba Sarrionandiaren eta Eva Linazasororen kolaborazioak ere. Eta badira aurrez argitaratutako bi kanturen moldaketak ere –Haizea garizumakoa eta Zorioneko moilan–", azaldu du Ordorikak.

Sei lagun izango dira agertokian; Mugalariez gainera, Eduardo Lazaga perkusionista kubatarra eta Nando de Las Casa izango ditu oñatiarrak lagun. Arrasate.eus atarian eta Amaia antzokiko leihatilan eskura daitezke sarrerak, hamar eurotan.

Gabon kantuak eta gehiago

Udalak eta Komisiñoak elkarrekin antolatuta, kaleetan zehar Gabonetako kantaldia egingo du Goikobaluk bihar, egubakoitza, 19:00etan hasita, eta goizean, 11:00etan hasita, Leuneko seikoteak alaituko ditu kaleak gaita, metala eta perkusio tresnak erabilita.

Urteko azken egunean, Txorbelaren kantaldia izango da, 18:30ean, kaleetan zehar. Eta urteroko ohiturarekin jarraituz, Arrasate Musikaleko Bandak Gabon zaharreko kontzertua egingo du, 13:00etan, Amaia antzokian. Mikel Markiegiren zuzendaritzapean, Joaquin Orentegaren, Beethovenen, Mocoroaren eta Beobideren eta Morriconeren obrak interpretatuko dituzte. Sarrera doakoa da.

Iheskide eta Anita Parker

2021eko Kooltur Ostegunak kontzertu zikloa borobilduko du Elorrioko street-punk Iheskide taldeak; abenduaren 30ean izango da, Arrasateko gaztetxean. Irati Topalekuan, berriz, Anita Parker taldea izango da abenduaren 25ean, 23:00etan hasita, eta Doyle And His Guitalele taldea hurrengo egunean, 13:00etan; sarrera doakoa da.

Datorrenean, gehiago

Kooltur Ekintza taldekoak ari dira urtarrileko eguenetarako kontzertuak lotzen; urtarrilaren 13an izango da lehenengoa. Udalak ere prest du urtarrilerako eskaintza, eta antzerkiak presentzia handia izango du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak