Arrasateko EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-ek gutun bat igorri diote Arrasateko alkate den Maria Ubarretxenari, egungo osasun egoera hizpide hartuta. "Kezkatuta gaude osasun egoerarekin eta kezkatuta ere hartutako neurriekin", adierazi dute; izan ere, bi alderdien ustez "ezin zaio pandemiari soilik neurri murriztaileekin aurre egin".
Covid Ziurtagiri Digitalaren, Osakidetzako lehen arretako zerbitzuen eta bertako profesionalen egoeraren inguruan iritzia ematen dute EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-ek. Beren hitzetan, "inolako baliabide edota laguntzarik eskaini barik" ezarri da ziurtagiriaren erabilera, neurria betetzeko ardura Udalen gain utziz. Lehen arretari dagokionez, "gainezka" dagoela iritzi dute, hitzorduak Gabon ostera arte atzeratzeak zein kasuak larrialdietara bideratzeak "arretaren kalitatea nabarmen jaitsi" duela adieraziz. Azkenik, egoeraren larritasuna profesionalen kopuruan "defizit izugarria" sortzen ari dela uste dute, telefono arreta zerbitzuak edota anestesisten egoera adibide jarrita.
Hiru proposamen
Bide horretan, alkateari Osasun Sailari igortzeko hiru proposameneko eskaera helarazi diote, "urgentziaz egindako murrizketak desegin eta indartze neurriak" eskatuz. Hona, zehazki, Arrasateko EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-ek proposatzen dituzten irtenbideak:
- Lehengo arreta indartzea eta kontsulta presentzialak berreskuratu behar dira, anestesisten egoera bideratzeko beharrezkoak diren neurriak hartu behar dira, Ospitaleko beharrei egokituz eta langilegoa ospitalearen tamainaren araberakoa izatea.
- Kutsadura kontrolatzeko herritarrek test azkarrak astean behin dohainik egiteko aukera ezartzea eskatzen dugu eta honekin batera, Laborategiko zerbitzuak indartu dadin, frogen emaitzak ahalik eta azkarren eskura izateko.
- Aztarnari gehiago jarri behar dira kutsaduren trazabilitatea ahal bezain arinen egin ahal izateko eta eteteko.