Seber Altuben egin ohi den hileroko hitzordua izan da gaurkoa, hileko hirugarren zapatua den legez. Hala, ekoizle txikiek aukera polita izan dute mimoz egiten dituzten produktuak saltzeko, eta egia da normalean baino ekoizle gehiago izan dela gaur. Baina, bistan da, ez dago Santamas eguneko azoka ordezkatuko duenik. Hango eta hemengo ogiak –estilo askotakoak–, glutenik gabeko produktuak –tartean gozoak–, baserrietako produktuak, kosmetika naturala, produktu ezberdinak zituzten artisauak... Goizeko lehenengo orduan jendeari kosta egin zaio etxetik irtetzea, baina eguzkia bazterrak berotzen joan den neurrian, Seber Altubeko bazterrak ere jendez bete dira.