Erdigunea trikiti eta doinu akustikoz beteko da gaurtik

Hasier Larrea 2021eko abenduaren 17a

Trikitixa eskolako pandero-joleak.

Guztira, lau kontzertu egongo dira, Herriko Plazan gehienak, barikuan, zapatuan eta astelehenean. Lehenengoa Los Brazos taldeko William Rodriguezek emango du Arbolapetan.

Musika emanaldiz beteriko egunak izango dira gaurkoa eta jarraian datozenak, Santamas Komisiñuak eta Ibai-artek hainbat proposamen ekarriko dituzte-eta, Udalarekin elkarlana sustatuta.

Gaur, barikua, Los Brazos taldeko William Rodriguezek Arbolapetan emango du kontzertu akustikoa, 19:00etan hasita; herritarrek gogoan izango dute Arrasate Blues jaialdian aritutako artista.

Zapatuan, berriz, Herriko Plaza izango da Arrasate Trikitixa Eskolako ikasleen agertokia, 19:00etan hasita. Jarraian taularatuko dira, 20:30en bueltan, Leire Etxezarreta eta Pello Heriz arrasatearrak; bertsioak eta kantu propioak joko dituzte, gitarrak eta ahotsak erabiliz musika tresnatzat.

Astelehenean, gehiago

Toki berean eta formatu berarekin baina beste kantutegi bat lagun arituko dira Zahara Galan eta Borja Gomez astelehenean, hilak 20, 19:15ean hasita. Ondoren, Gabonetako 50 otarreak banatuko ditu Ibai-artek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak