Kepa Altube Eraña, Joana Manzisidor Akizu, Helena Azkarragaurizar, Desegin eta Esmeralda Gonzalez dira, besteak beste, proiektuan parte hartzen ari diren artistak. Pieza artistiko eta dekoraziora dedikatzen den Objektuak dendako saltzailea den Eleonora Dulfovak azaldu duenez, identitatea lantzeko asmoz abiatu dute egitasmoa: "Gaurko aurkezpen ekitaldia epe luzerako diseinatu dugun proiektuaren abiapuntua izango da. Herriko artistekin elkarlana sustatu nahi dugu, Arrasaterekin zerikusia duten gaiei balio erantsia emateko".
Arratsaldean zehar posterrak erosteko, artistekin egoteko eta mokadutxo bat hartzeko aukera izango dute herritarrek: "Datozen egunak bereziak izango direnez, egun aproposa da gaurkoa dinamika berri honen berri emateko; posterra izan da aukeratu dugun lehen formatua, erabilera bat baino gehiago eskaintzen duelako, marko batean jartzea, esaterako".