Bestalde, aurrez aurreko hiru saio egin dituzte dagoeneko, Biteri plazan, kiroldegian eta Maiatzak 1 plazan. Hurrengo saioak egubakoitzean egingo dituzte, goizez, Seber Altube plazan eta arratsaldez, Arima Zubi plazan. Gainera, bide horiez gain, honako telefono zenbakiaren/Whatsapparen bidez galdetegia telefonoz betetzeko hitzordua adostu daiteke: 688 648 040.
Udaberritik hona, Udal Gobernua hausnarketa prozesu bat ari da garatzen Kirol Azpiegituren Mapa eta horren elementuen berritze lanak adoste eta leheneste aldera. Horretan, propio sortutako deliberaziorako lantalde bat osatu zen udaberrian, non herriko kirol klubetako ordezkariak, hezkuntzako hainbat zentro, ausaz hautatutako kirol zerbitzuetako hainbat erabiltzaile, eta ausaz hautatutako herritarrak ere.
Lantalde horretan hiru hilabetetan sortu diren ideiak eta Udalean azken urteetan landu izan direnak Arrasateko herritarrekin kontrastatzea da orain martxan jarriko den galdetegiaren helburua. "Hau da, herritarrek, landu diren hainbat ideien eta proposamenen inguruan dituzten iritziak jasotzea, lantaldearen hausnarketa bera osatzeko, eta datozen urteetan egikaritzeko azpiegituren eraberritze plangintza proposamena sortu ahal izateko".