Polmetasa zaharrean babes ofizialeko etxeak egitea ahalbidetu du Arrasateko Udalak

Eneko Azurmendi Barrena 2021ko abe. 15a, 15:47

Polmetasa zaharra zegoen eremua, San Andres Berri izenez ere ezaguna dena.

Arrasateko Udalak 991,59 metro karratuko lursail bat salgai jarri du lehiaketa publiko bidez, eraikigarritasunarekin (gutxieneko balioa 1.725.000 euro da). Modu horretan, 66 etxebizitza eraikitzeko aukera egongo da, "aparkaleku eta trasteleku eta guzti". Eusko Jaurlaritzaren babes ofizialeko etxebizitzen gehienezko prezioak zehazteko ezarritako irizpideen arabera salduko dira.

Bi lur zati daude Polmetasa zaharrean (San Andres Berri izenez ere ezaguna den eremuan). Batetik, 991,59 metro karratuko azalera duena eta babes ofizialeko etxebizitzetara bideratuta dagoena. Bestetik, 631,11 metro karratuko azalera duena, espazio librea erabiltzeko.

Udal Gobernuaren helburua da babes ofizialeko etxebizitzak eremu berean eraikiko diren etxebizitza libre eta tasatuekin batera garatzea. "Horrela, urbanizazio guztia erritmo berean egitea lortzen da, auzotarren mesedetan".

Hala, etorkizuneko urbanizazioaren diseinuan haur-parke estali bat eta saskibaloi-kantxa bat sartuko dira, eta udalerri jasangarriago baten irizpideei jarraituko zaie, "elkarrekintza komunitarioa" sustatuko duena; "horrela, oinezkoen ibilbideak, bizilagunen egonaldi eta gozamenerako espazioak, berdegunean eta lorategiak sortuko dira eta zuhaitz ugari landatuko dira jarduera-eremu osoan zehar."

Aurreikuspena da obrak 2023. urteko lehen seihilekoan hastea. "Obra-lizentzia eskatzeko epea, eskabide horretan lizentzian sartzeko behar den dokumentazio guztia sartuta, 16 hilabetekoa izango da, eskritura publikoa formalizatzen denetik kontatzen hasita". Obra amaitzeko gehieneko epea, bestalde, 36 hilabetekoa izango da, Udalak obra-lizentzia ematen duenetik kontatzen hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak