Txapelketa irail erdialdean hasi bazen ere, Muruak eta Irazustabarrenak azaroko lehenengo asteburuan jolastu zuten lehenengo partidua: final-laurdena, hain zuzen ere. Beasainen jokatu zuten partidua, eta entretenigarria izan zen benetan, azken tantora arte ez baitzen inor gailendu. 22-21 irabazi zuten eta finalerdietara salto egitea lortu zuten. Aurreko asteburuan, Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu zuten partidua "oso berdinduta" egon zela adierazi du Muruak: "Partidu gogorra izan zen, oso berdinduta egon ginen, baina, azkenean, irabaztea lortu genuen". Gustura gelditu zen emaitzarekin, baina ez berak egindakoarekin, eta bere bikotekidea finago ibili zela ere onartu du arrasatearrak.
Irazustabarrenarengatik galdetuta, batera jokatutakoak zirela aipatu du, eta gustura dabiltzala elkarrekin: "Jokatu izan dugu batera, eta elkar ezagutzen dugu; hori abantaila izan daiteke, agian. Hasiera batean, Gaskue tokatu zitzaidan bikotekide, baina hark astebete lehenago debuta egin zuen profesionaletan, eta, ondorioz, Irazustabarrena sartu zen ordezko. Hala eta guztiz ere, oso gustura aritzen gara elkarrekin". Amateur mailan mundu mailako txapeldun izatetik dator Murua, baina horrek ez dio konfiantza gehiagorik ematen finalari begira. Poztasun handia eta motibazioa ekarri dizkio lortutako txapelak, baina Bankoa Abanca-DV txapelketako finalean ez diola ezer ziurtatzen azpimarratu du pilotariak.
Finala, abenduaren 26an
Zarautzen jokatuko da finala, abenduaren 26an. Eta bihar, hilak 11, erabakiko da zeintzuk izango diren Muruaren eta Irazustabarrenaren aurka jokatuko dutenak. Finalerdiko partidua Eibarren jokatuko dute: Exposito eta Morgaetxeberria, Julen Alberdiren eta Albizuren aurka. Arrasatearrari finalean aurkari bezala zein bikote nahiago duen galdetuta, berdin zaiola erantzun du: "Biak dira bikote onak eta partidu polita egiten saiatuko gara. Berdin dit nor izan aurrean, irabazten saiatuko gara eta ikusleak entretenitzen saiatuko gara. Zorte ona opa diet bi bikoteei finalerdietan, eta onenak irabaz dezala".