Duela bost urte jarri zuen martxan Promise mertzeria denda Estibaliz Etxaburuk. Ondarrutarra den arren, Arrasatera etorri zen bizi izatera eta aspaldidanik zuen ideia egia bihurtzea erabaki zuen. Denda jarri nahi zuen, eta, merkatua apur bat aztertuta, lentzerian zentratzea erabaki zuen.
Bost urteren ostean, zer moduz hartu zaituzte arrasatearrek?
Oso ondo, ez dut inongo kexarik. Bezero fidelak ditut herrian eta pozik nago. Bost urte betetzea horren seinale ere bada.
Zergatik aukeratu lentzeria?
Nik denda bat jarri nahi nuen, eta apur bat aztertuta erabaki nuen, hutsune bat zegoela igarri ostean: kalitatezko mertzeriarik ez zegoen prezio orekatu batean. Bularretako on bat erosteko prezio oso altua ordaindu behar zenuen, eta kasu askotan, gainera, ez zeuden gorputz mota guztiendako aukerak. Hori baliatu eta denda jarri nuen, kalitate onekoa bai, baina politak eta prezio arrazoizko batekin.
Zure lanak duen onena zer da? Eta okerrena?
Onena jendearekin dudan harreman pertsonalizatua da, gertukoa. Azken batean, hori da gure erronka nagusia, eta merkataritza-gune handietatik ezberdintzen gaituena. Gure plusa bezeroari eskaintzen diogun tratua da. Okerrena, aldiz, dendak dakarren lotura da. Ni bakarrik nago dendan, eta, batzuetan, zaila da nire bizitzarekin uztartzea.
Nortzuk dira bezero errazagoak?
[Barre] Nirera gehiago etortzen dira emakumeak egunerokoan; gizonak, data puntualetan: Gabonak, urtebetetzeak... Hala ere, oparitzeko zerbaiten bila etorri eta gizonak ez dira ia inoiz bueltan etortzen erositakoa aldatzera. Tamaina eta diseinua oso argi izaten dute.
Hala ere, emakumeak dira gehiengoa Promisen...
Bai, nire dendara egunerokoan etortzen diren bezero gehienak emakumeak dira. Baina, era berean, zalantza gehiago izaten ditugu: hau gustatu zait, baina beste hau ere polita da... Gauza kurioso bat ere gertatzen da: gizonak ez dira ia inoiz etortzen euren barruko arropak erostera, emakumeak etortzen dira beraiendako ere erostera.
Herriak ondo hartu zaitu, baina zer da zuk gehien baloratzen duzuna Arrasaten?
Zalantza barik, eta, beste behin, jendearekin dudan tratu pertsonalizatua eduki ahal izatea da gehien baloratzen dudana.
Zein da zure erakusleihoa?
Dendaz gain, sare sozialak oso garrantzitsuak dira; nire kasuan, Instagram (@promisearrasate)