Euskara normalizatzeko planak hogei urteotan egindako ibilbidea laburtzen duen ikus-entzunezkoa ikusi zuten lehenengo. Ondoren, Euskaren Egunean ematen dituzten errekonozimendu sariak banatu zituzten, eta gero, Kontseilu Errektoreko kidea den Martin Lakak, hurrengo lau urtetarako Euskara Batzordeak aurkeztu duen proposamena azaldu zuen.
Bukatzeko, Kike Amonarriz soziolinguistak hartu zuen hitza eta euskararen erronka nagusien berri eman zien elkartutakoei. Euskararen normalizazio bidean fase berri batean sartu dela azpimarratu zien horrek, belaunaldi berriek jada euskaraz badakitelako eta, orain indarra eta baliabideak esparru sozio-ekonomikoan jarri beharra dagoelako. "Horretarako aukerak badaudela esan zigun, belaunaldi berrien euskara mailagatik, euskararen normalizazioan dugun ezagutza metatuagatik eta erakunde publikoak eta euskalgintzak pausuak elkarrekin ematen hasita daudelako", adierazi dute Fagor Arrasateko kideek eta gaineratu: "Ea bada, aukera horiek aprobetxatu eta aurrera ilusioz jarraitzen dugun. Lan asko egin dugu, baina oraindik asko dugu egiteko eta".