Venta de Baños jipoitu du MUk, bigarren zati ikusgarria eginda

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 5a, 21:22

Pasa den astean Logroñon galdu izanaren arantza atera eta sailkapenaren ohorezko postuetan mantentzeko, garaipena behar zuen gaur Mondragon Unibertsitateak. Lortu du, eta nola gainera. Lehen zatian gehiago izan diren arren, bigarren zati ikusgarria eginda hartu dute mendean Venta de Baños (109-64). Talde garaipena izan da; hots, 11 minutu baino gehiago jokatu dituzte kantxaratu diren 12 jokalariek, eta guztiek lortu dute saskiratzeren bat.

Sailkapenaren lehen lau postuetan dauden Santurtzik, Cantbask 04-k, Getxok eta Baskoniak 12. jardunaldi honetako neurketak irabazita, garaipena behar zuen gaur Mondragon Unibertsitateak EBA mailako ohorezko postuetan mantentzeko. Pasa den astean Logroñon galdu izanaren arantza atera eta etxean bosgarren garaipena errenkadan lortu asmoz kantxaratu dira Eneko Mataren mutilak, eta bete dute helburua. Nola gainera. 109-64 jipoitu dute Venta de Baños talde palentziarra.

Ez dute fin hasi neurketa arrasatearrek, eta orekatua izan da lehen laurdena (18-15). Bigarrenaren hasieran etorri da etxekoen lehen oldarraldia; 13 eta 0eko partzialarekin, 16 puntuko aldea lortu dute hiru minutuan. Baina palentziarrek defentsa estutzearekin batera hoztu zaie moreei eskumuturra, eta 10 punturen bueltako aldea mantentzea lortu duten arren, bigarren zatian erabakitzeko gelditu da norgehiagoka. Atsedenaldian, 41 eta 30ekoa zen emaitza.

Bigarren zatian, ikuskizuna

Lehen zatian erakutsitakoa baino intentsitate handiagoarekin itzuli dira moreak aldageletatik, eta hirugarren laurdenean erabakita utzi dute lehia. Kantxa osoko presio estua egin dute Mataren mutilek, etengabe 2-1en aurkakoak bilatuz eta kanpotarren baloi mugimendua itoz. Atzeko lanak korrika egiteko aukera eman die, eta ez dute barkatu. 39-14ko partzialarekin, 80 eta 44koa adierazten zuen markagailuak azken laurdenaren faltan.

Palentziarrak amore eman dute, eta moreek, minutuak banatuz, intentsitatea mantenduz eta saskira begirako zehaztasuna galdu gabe, gozatu egin dute azken 10 minutuetan. Azken emaitza, 45 puntuko aldea eta balorazio datuak (129 MUk, 42 Venta de Bañosek) dira horren adierazle.

Talde lana, giltzarri

Sergio Iglesiasen itzuleraz gain, beste bi datu adierazgarri utzi ditu Iturripeko norgehiagokak. Lehena, Eneko Matak deitu dituen jokalari guztiek 11 minutu jokatu dituzte, gutxienez, gaurko neurketan. Eta bigarrena, taldekide guztiek lortu dute saskiratzeren bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak