36 puntutik 21 eskuratuta, denboraldi hasiera ona egiten ari da Mondrate; are gehiago Hirugarren Mailara igo berria den taldea dela kontuan hartuta. Beheko postuetatik irten ezinik dabilen Santurtziren bisita jaso dute gaur Mojategin, eta galtzen hasi diren arren, garaipen argia eskuratu dute epaileek azken txistua jo dutenerako (7-1).
"Aukera asko izan ditugu partidu hasieran, baina izan duten lehen aukeran markagailuan aurrea hartu digute", adierazi dio Goienari Julen Otxandiano entrenatzaileak. Ez dute etsi, baina, eta norgehiagokaren erdira iristerako, aurretik ziren etxekoak (2-1). Aldageletatik bueltan ate aurrean izandako eraginkortasunak garaipenerako bidea ireki die; hots, bigarren zatiko lehen bost minututan hiru gol sartu dituzte, eta "erabakita" utzi dute norgehiagoka.
Etxean jokatu dituzten sei partidak irabazita, sailkapenaren ohorezko postuetan dira arrasatearrak. Denboraldi hasieran maila mantentzea zuten buruan, baina hasi dira dagoeneko beste helburu batzuei erreparatzen: "Taldea eta maila badugula ikusita, ea sailkapenaren erditik gora egoteko gai garen. Horretarako, baina, ezinbestekoa zaigu etxetik kanpo irabazten hastea, 15 puntutik 3 soilik eskuratu ditugu eta". Datorren astean Bilbon izango dute Mojategitik kanpo puntuak biltzen hasteko aukera.
Eskoriatza ere puntan
Mondrate ez da, baina, areto futboleko Hirugarren Mailako sailkapenean goren dagoen bailarako taldea. Pasaian neurketa zaila zuen gaur Eskoriatzak, liderrari bisita egin diote eta Mikel Alkaideren mutilek. "Esperientzia handiko jokalari onak" izan dituzte aurrez aurre entrenatzailearen hitzetan, eta "partida gorabeheratsua baina polita" jokatuta, meritu handiko hiru puntu poltsikoratu dituzte. Birritan joan dira norgehiagokan zehar eskoriatzarrak bi goleko desabantailarekin (3-1 eta 4-2), eta berdintzea gutxi ez, eta azken minutuan garaipenaren gola lortu dute (4-5).
22 puntu dituzte egun sailkapenean, arrasatearrek baino bat gehiago. Datorren astean Galdakaoko Lagun Onak-en aurka izango dute puntu zakua handitzen jarraitzeko aukera.