Durangoko manifestaziorako autobusa antolatu du Arrasateko EHEk

Eneko Azurmendi Barrena 2021ko abe. 1a, 15:17
Euskal Herrian Euskaraz taldeak iaz Durangon egindako mobilizazio bat. Argazkia: Euskal Herrian Euskaraz.

Abenduaren 6an, astelehena, manifestazioa egingo dute Durangon, 17:30ean Landako gunetik abiatuta, Euskaraz bizitzeko, euskararen errepublika lelopean, eta Arrasateko Euskal Herrian Euskaraz taldeak autobusa antolatu du hara joateko. Irati tabernan eskuratu daiteke autobuserako txartela (5 euro).

"Ikusgarria da azken mende erdian euskararen alde euskaldunok egin dugun lana. Zenbatezinak dira urte hauetan euskaraz bizitzeko herriz herri egin ditugun ekimenak eta sortu ditugun egitasmoak. Horri guztiari esker euskara galzoriaren ertzetik urruntzea lortu dugu, harro egoteko modukoa den herri ahalegina izan delarik", azaldu du taldeak ohar bidez.

Gaineratu dute "asko egin eta lortu" dutela, "zalantzarik gabe", baina ez dela nahikoa. "Euskararen patua amildegitik urrundu dugu baina ezin esan etorkizuna ziurtatua duenik. Ez etorkizuna ezta orainaldia ere, egun ezin baikara euskaraz normaltasunez bizi. Gure haur askok ez dute euskara maila nahikoa lortzen, eta lortzen dutenen kasuan erdaraz hitz egiteko joera nagusi da, ingurune linguistikoak horretara
bideratzen baititu. Udalera jotzen dugunean, edo medikuarengana, edo beste zerbitzu publikoetara, langile euskalduna topatzea mirari bat izaten da askotan. Lan munduan zer esanik ez, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da. Gure bizitzetan gero eta eragin gehiago duten teknologia berrietan ere sinbolikoa da. Hori gutxi ez eta euskararen eta euskaldunon aurkako espainiar eta frantziar estatuen ekinbideak ez du etenik, azken egunetako adierazpen eta epaiek adierazten diguten bezala", nabarmendu dute idatzian.

Euskaldunek euskaraz bizi ahal izateko burujabetza behar dutela diote, "ezinbestean", eta soilik euskaldunei dagokiela erabakitzea zein nolako hizkuntza-politika aplikatu behar den Euskal Herrian.

Testuinguru horretan, Euskal Herrian Euskaraz taldeak kalera ateratzeko deia egin die euskaltzale guztiei. "Gure eskubideen defentsan eta euskararen alde, abenduaren 6an Durangon deitu dugun manifestaziora gonbidatzen zaitugu. Euskaraz bizitzeko kalera!".

Esan moduan, autobusa antolatu dute Arrasatetik. Okorotegi kafetegiko geltokitik irtengo da 15:30ean eta 00:30ean bueltatuko da Durangotik. Izen-ematea Irati tabernan egin daiteke (5 euro).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak