Arrasateko Udalak Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa antolatu du aurten ere, eta establezimenduen erakusleihoak abenduaren 13tik urtarrilaren 6ra arte egon beharko dira apainduta, gutxienez. Parte hartu nahi duten establezimenduek BAZen eta udal webgunean eman beharko dute izena.
Ohiko establezimenduez gain, gainerako komertzio guztiei parte hartzeko gonbita egin die Arrasateko Udalak, "bereziki zerbitzuei eta ostalariei". Halaber, erakusleihoak ez dituzten komertzioen kasuan, barneko apainketa hartuko du kontutan epaimahaiak.
Herritarrek abenduaren 13tik 19ra bitartean eman ahalko dute bozka, Herritarren Saria eta Haur eta Gazteen Saria erabakitzeko. Udal webgunetik zein Ibai-Arteren webgunetik bozkatu ahalko da. Herritarren Saria bozkatzen dutenen artean 100 euroko bost bonu zozketatuko dituzte, eta Haur eta Gazteen Saria bozkatzen dutenen artean, berriz, 30 euroko bost bonu. Hauek Arrasateko edozein komertzioetan gastatzeko dira.
Sari nagusiak hiru kidez osatutako epaimahaikideek banatuko dituzte: Ibai-Arteko ordezkari bat, diseinuan aditu bat eta Udaleko ordezkari bat. Sari banaketa abenduaren 21ean egingo dute.
Honako hauek dira aurtengo sariak:
- 1. saria: plaka eta 600 euro.
- 2. saria: plaka eta 400 euro.
- 3. saria: plaka eta 300 euro.
- 4. saria: plaka eta 200 euro.
- Herritarren Saria: plaka eta 300 euro.
- Haur eta Gazteen Saria: plaka eta 300 euro.
Leiho eta Balkoi Lehiaketa, lehenengoz
Bestalde, berrikuntza modura, Gabonetako Leiho eta Balkoi Lehiaketa sortu du Udala aurten, arrasatearrei zuzendua. Kasu honetan, izena emateko epea abenduaren 19an bukatuko da. Sari hori herritarren bozkarekin erabakiko da, eta bozka abenduaren 20tik 26ra eman ahalko dute horiek, udal webgunearen bitartez. Halaber, lehiaketan parte hartzeko argazki bat igo beharko da gutxienez webgunera.
Sari nagusi bat banatuko da: irabazleak 300 euroko saria jasoko du eta bozka ematen duten guztien artean 100 euroko bonu bat zozketatuko dute, biak herriko edozein komertziotan gastatzeko. Sari banaketa abenduaren 27an egingo dute.