Arrasateko Gazte Abesbatzaren estreinaldia, "nota onarekin"

Txomin Madina Milikua 2021ko aza. 27a, 11:55

Santa Zeziliren aitzakin eta Fair Saturday egitasmoaren barruan, Arrasateko Gazte Abesbatzak lehen kontzertua eskaini zuen atzo San Frantzisko elizan. Goikobalu Abesbatzak ere kantatu zuen bertan.

Hainbat arrazoirengatik, berezia izan zen atzo San Frantzisko Elizan Arrasateko Gazte Abesbatzak eta Goikobaluk eskainitako kontzertua. Fair Saturday ekimenarekin bat egin zuen emanaldia izan zen, eta hori dela eta, emanaldiak hasi aurretik Mugarik Gabeko Musikariak taldeko Gasteizko bi kidek bai munduan eta baita hemen ere aurrera eroaten dituzten proiektuen berri eman zuten.

Atzoko emanaldiaren aurkeztu zuen gainera jendaurrean bere burua Arrasateko Gazte Abesbatzak. Bertako kideak Arizmendi ikastolaren abesbatzako eta Goikobaluko talde gazteko kideak ere badirela kontuan hartuta, jendaurrean aritzera ohituta daude. Baina atzo zuten estreinaldia talde bakar moduan, eta Rakel Murgiondo zuzendariaren esanetan, "nota onarekin" gainditu zuten erronka. Lehen aldirako askotariko abestiak prestatu zituzten, zaharragoak eta berriagoak, bertakoak eta mundu zabalekoak: Ipharadisi kantu herrikoi afrikarra; Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean; James Hornerren My heart wil go on ezaguna... Hainbat abestitan Arturo Goikoetxea piano-jotzailearen laguntza ere izan zuten. Eta emanaldia borobiltzeko, Goikobalukoekin batera beste bi pieza ere abestu zituzten eliza bete zuten ikus-entzuleentzat.

Bi proiektu eskuartean

Arrasateko Gazte Abesbatzak bi proiektu garrantzitsu ditu 2022ra begira. Tolosako Odeitruk taldearekin elkartrukea egingo dute otsaila-martxoa aldera; eta ekainaren 26an, Disneyland Parisen abestuko dute. Rakel Murgiondoren esanetan, 13 urtetik gorako edozeini dago zabalik abesbatza. Zapatuetan entseatzen dute Harresi aretoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak