Haserre batetik abiatuta eta tabernako lanaz nekatuta erabaki zuen Mikel Oteizak Multiarreglos enpresa martxan jartzea Arrasaten, 2006an. Argi du ez dela etxe batera lan berbera egiteko bi aldiz joango: "Ondo egin nahi dut lana, inork ezer ez aurpegiratzeko eta bitan lan bera egitera ez bueltatu behar izateko".
Multiarreglos izena du enpresak, baina zenbateraino zara multi?
Orokorrean, etxebizitzen, lokalen eta negozioen mantentze-lanak; iturgintza, elektrizitatea... Ezberdintzen gaituena hori da: lau lan ezberdin egin arren, bakoitza bere arlokoa, pertsona bakarra bezala kobratzen dut, eta dena irteera bakarrean. Ez duzu lau lagunen atzetik ibili beharrik.
Inoiz egitea eskatu dizuten lanik arraroena?
Egia esanda, hamabost urtean behin bakarrik esan diot ezetz lan bat egiteari. Oso zaila zen, baliabide asko behar zituen eta, gainera, bezeroa ez zegoen prest balio zuena ordaintzeko. Orduan bakarrik esan diot ezetz lan bati.
Zergatik hautatu zenuen lan hau?
Urte askoan zehar egin dut lan tabernan, eta nekatuta nengoen.Ondo moldatzen nintzen halako lanekin, eta duela urte batzuk elektrizitate konpontze bat egin zidaten. Gehiegizkoa iruditzen zitzaidan kopuru bat kobratu nahi zidaten. Dezente haserretu, eta orduan erabaki nuen nire kontura hasteko garaia zela. Bidezko prezioa kobratuko nuela zin egin nion neure buruari.
Hogeita lau orduko zerbitzua eskaintzen duzu; ez al da nekagarria?
Egia esanda, gaueko lan gutxi egiten ditut, baina, askotan, jendeak ez du baloratzen zer eragiten duen zapatu bateko gaueko hamabietan joateak. Arazo bat dugunean, konpontzea nahi izaten dugu denok, gainerakoak askorik inporta gabe.
Zer da zure lanak duen onena?
Onena eskaintzen didan askatasuna da. Nire beharren arabera antolatzen dut lan jarduna, eta jai hartu nahi badut, jai hartzen dut.
Eta okerrena?
Okerrena bezero batzuen jarrera da: askok ez dute ulertzen lan baten atzean dagoen esfortzua. Edo lan bat egitera joan eta be- zeroak etxean dirurik ez duela esatea; izan ere, gero, bere atzetik ibili beharra duzu, berriz bueltatu etxe berera kobratzera. Hala ere, normalean, bezero finak ditut, eta ezin naiz kexatu.
Arrasatearra zara; zein da zure lekurik kuttunena?
Bada, asko gustatzen zaidan plan bat da Udalara joan eta han bertan afaltzea; gero, herrira jaitsi eta tragotxo bat hartzea, trankil-trankil.