Arrasateko Udalak azaroaren 25eko adierazpen instituzionala kaleratu du

Itziar Larrañaga Sarasola 2021ko aza. 25a, 16:46

Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira, Udaleko alderdi politiko guztiok adostutako adierazpen instituzionala zabaldu dute. Era berean, Mugimendu Feministak antolatutako ekintzetan parte hartzera eta hausnartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

"Eraso edo jarrera sexista guztiak" gaitzetsi dituzte, eta errespetua eta berdintasuna aldarrikatu, "bizikidetzaren oinarrizko balore ukaezin" gisa.

Biolentzia matxista pairatzen duten edo sufritu izan duten emakume guztiekiko elkartasuna adierazi dute, eta EAEn 2021ean erail dituzten 41 emakumeak ekarri dituzte gogora. Horiekin batera, Marian Ibarluzea Etxabe arrasatearraren erailketa gogoratu dute, 40 urte zeramatzan Kanarietan bizitzen eta 2020ko abenduan bere bikotekideak hil zuen.

Arrasateko Udalaren adierazpen instituzionala

"Aurten, urtero bezala, Udalak bat egin du azaroaren 25a, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko Mugimendu feministak egindako deialdiarekin.

Arrasateko Udalak emakumeen aurkako indarkeria, eraso edo jarrera sexista guztiak gaitzetsi, eta errespetua eta berdintasuna aldarrikatzen ditu bizikidetzaren oinarrizko balore ukaezin gisa.

2021an, 41 emakume hil dituzte. Horietako bi EAEn hil dituzte bikotekideek edo bikotekide ohiek. Horiez gain, 3 neskatila eta 2 mutiko hil dituzte aurten, Arrasateko Marian Ibarluzea Etxabe ere ahaztu gabe. 40 urte zeramatzan Kanarietan bizitzen eta 2020ko abenduan hil zuen bere bikotekideak.

Horregatik, Udalak gaitz hau pairatzen duten edo sufritu izan duten emakume guztiekiko elkartasuna adierazi nahi du, indarkeria matxista kasuak ez direlako soilik eraildako emakumeenak. Tratu txarrak, umiliazioak edota etxeko indarkeria ekonomikoa ere indarkeria dira..

Emakume txokoa udal zerbitzuak, herriko Mugimendu Feministarekin elkarlanean, hainbat ekintza antolatu ditu. Aurtengo leloa “Nik sinesten dotzut, eta punto” da, eta zalantzan jarri, isilarazi eta ukatu diren emakumeei egiten die erreferentzia. Horrela, sinesgarritasuna eman nahi diegu emakume horien bizipenei. Izan ere, zoritxarrez, emakumeen aurkako  indarkeria normalizatu eta isildu egin da, bigarren mailakotzat hartu, eta zilegitasun guztia kendu zaio.

Mugimendu Feministak bi ekintza antolatu ditu: azaroaren 25ean, osteguna, 19.00etan, Seber Altuben izango den elkarretaratzea eta Kulturateko Klaustroan “Nik sinisten dizut” irakurraldi kolektiboa ostegunean, abenduaren 2an, arratsaldeko 19.00etan. Irakurketa horren helburua indarkeria mota guztiak ikusaraztea, bizipenak ezagutzea eta elkarrekin ahalduntze feminista lortzen da.

Arrasateko Udalak Mugimendu Feministak antolatutako ekintzetan parte hartu eta herritarrei hausnarketa egiteko gonbitea luzatu nahi diegu, indarkeria matxistari aurre egitea guztion ardura delako eta eraso sexistak salatzeko gizarte osoaren indarrak batzea beharrezkoa delako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak