Ruper Ordorika: "Lan berezia da, bidea ezberdina izan delako"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko aza. 26a, 17:00

Ruper Ordorika musikari oñatiarra. Argazkia: R.O.

Kubako doinuak oinarri dituen eta musikari kubatarrekin grabatu duen Amour eta toujours lana argitaratu du Oñatiko musikariak asteon, Elkar argitaletxearekin.

Erronka "handia eta zaila" izan da Oñatiko musikariarentzako lan berri hori argitaratzea.

Disko asko atera eta gero, ilusiorik egiten dizu berria eskuetan izateak?

Bai, horixe! Batez ere, lan honen bidea oso ezberdina izan delako niretzako, eta esango nuke entzuten duenak ere ñabardura ezberdinak sumatuko dituela.

Kuban kontzertu asko egin dituzu, hango musikariekin abestu izan duzu, eta azkeneko diskoa musikari kubatarrekin grabatu duzu. Zerk bultzatuta?

Han bizi den Angel Azkarraga Matxitxa nire lagun eta manager ohiak antolatuta emanaldi asko egin izan ditut; horien artean, orain dela 12 urte irlan egin nuen bira. Kantaldiaren lehengo zatia egiten nuen nik eta hango musikariek bestea, eta behin eta berriro esaten zidan Matxitxa-k disko bat grabatu behar nuela Kubako musikariekin. Ez nion proposamena serio hartzen, oso urrun sentitzen nuelako jotzeko modu hura, nire iturrietatik oso urrun, eta ikaragarria delako han dagoen musika maila.

Erronkari heldu zenion gero; zelakoa izan da prozesua?

Miresten ditudan hango kantarien disko bat ezin nuela egin pentsatu nuen, baizik eta nire gauza bat egin behar nuela; hori horrela, Donostiako Jazzaldian New Yorkeko bateria-jole Kenny Wollesen-ek nirekin jo behar zuela aprobetxatuta, Kubako perkusionista handi Yaroldi Abreu eta nire lehenagoko Mugalari Buenos Airesko Dani Perez jarri nituen batera. Hala sortu nuen, gero, diskoa grabatzeko formazioa Kubako eta hemengo musikariekin. Tinbrikoki guztiz bestelakoa da diskoa, Afro-Kuba giroko kantuak egitea zen-eta hasieratik genuen asmoa. Diskoa entzun dutenek esan didatenez, nire kantuak dira, baina hango musika-gakoa edo giltza erabilita.

Zuzenekoetan ere musikari kubatarrak izango dituzu lagun?

Bai; sei lagun izango gara, Mugalariak, Eduardo Lazaga perkusionista kubatarra eta Nando de la Casa.

Baina Kuban grabatzeko asmoak bertan behera utzi zituen pandemiak.

Hala da, bai. Iazko apirilerako hegaldiak hartuta eta bira lotuta genuen, baina pandemiak eztanda egin zuen eta azkenean hemen grabatu dugu musikari kubatarrak ekarrita. Garai ezberdinetan hiru estudiotan grabatu dugu: ohi moduan Abetxukon, Jonan anaiarekin Azkaraten eta Elkarren, gero. Iaz hasi ginen eta aurten bukatu dugu.

Doinuez gainera, kantuen hitzek ere Kubaraino hurbilduko gaituzte?

Bai; hango bizipenak eta istorioak dira kantuen oinarri nagusia. Nik idatzitakoak dira gehienak, baina badira, esaterako, Joseba Sarrionandiaren eta Eva Linazasororen kolaborazioak ere. Eta badira aurrez argitaratutako bi kanturen moldaketak ere –Haizea garizumakoa eta Zorioneko moilan– .

Ruper Ordorikak asteon argitaratu duen diskoaren azala.

Amour eta toujours izena jarri diozu bildumari. Zergatik?

[Barre] Aspaldi gogoan dabilkidan izenburua da. Sarrionandiaren Poesiaren gauza galdua-n oinarrituta egin nuen Kantuaren gauza galdua kantuan abesten nuen amour eta toujour lako errimak zaborretara. Eta hortik heldu zitzaidan izenburua. Frantziar klasikoetako esamoldea da amour et toujour: errima eta topikoa. Eta niretzat son kubatarra, bere errima eta irudi fantastikoekin, kantagintzaren barru-barruan dagoen kanta moldea da.

Diskoa kalean, zer moduz ari zara zuzenekoak lotzen?

Egia esan, ez gara geratu, itxialdiko hiru hilabete horietan ezik. Hasieran, ez nuen oso argi kontzertuak egin edo ez, baina baiezkoaren alde egin genuen, eta ez naiz damutzen. Emanaldi asko egin ditugu, nahiz eta egoera askotara moldatu behar izan dugun; esaterako, areto berean bi kontzertu segidan ematea, aurrekoan Usurbilen egin genuen moduan. Baina neguan aire zabalean kontzertua egitea baino irtenbide hobea iruditzen zait. Lan berria aurkezteko ere ari gara lotzen, eta pozik gaude.

Debagoienean baduzu kontzerturik?

Oraingoz, Arrasaten dugu lotuta: abenduaren 23an, Amaia antzokian izango gara.

Durangoko Azokan izango zara?

Ez dakit sinatzera joateko eskatuko didaten, kolokan daude-eta gauza asko, baina gustatuko litzaidake Durangora joatea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak