Jean Giono XX. mendeko idazle frantsesaren nobela garrantzitsua antzerkira eraman du Gorakada konpainiak. Artzain bat eta bere buruaren bila ari den gazte bat dira kontaketako protagonistak; batak lana gogotik egingo du bizileku duen basoa berritu eta lurra salbatzeko, eta besteak borondatea eta eskuzabaltasuna erresilientziarako tresna ezin hobeak direla deskubrituko du.
Besteak beste, kontzientzia ekologikoaren sorreran, politikaren diskurtso hutsaletan, naturarekiko ulermenean eta gizakiaren indar sortzailean jartzen dute arreta pertsonaiek.
Aktualitateko gaia
Istorioaren testuingurua I. eta II. mundu gerren artean kokatzen den arren, konpainiako kide Maialen Magunagoitiaren esanetan, "gaur egun pil-pilean dagoen aldaketa klimatikoari buruz hausnartzeko balio du obrak. Txikitik handirako prozesuaren baitan, zuhaitzak landatzen hasita baso bat sortzen dela ikusiko dugu". Sarrerak salgai daude arrasate.eus atarian.