"Pozez eta gogotsu" azaldu da Iñaki Maidagan, Goikobalu abesbatzako zuzendaria, aspaldiko partez publiko aurrean agertuko direlako: "Maiatzean berreskuratu genituen zuzeneko entseguak, eta irailetik aurrera ia kide guztien parte hartzea izan dugu". Hala, 40 kantari inguruko taldeak hiru pieza interpretatuko ditu musikarien patroia den Santa Zeziliari omenaldia egiteko: John Leavitt-en Misa festiva, Xabier Sarasolaren Mendi goietan eta Vivian Tabbush-ek moldatutako Color esperanza.
'FAIR SATURDAY' EKIMENAREKIN BAT EGINEZ, MSF ERAKUNDEARI LAGUNDUKO DIOTE GAURKO KONTZERTUAN
Aire freskoak datoz
18 urte inguruko kideren batek ere parte hartuko du talde nagusian. "Adin horrekin koruan egotea ez da erraza, gazteek beste ardura batzuk izaten dituztelako", adierazi du Maidaganek. Horri lotuta, Rakel Murgiondok zuzentzen duen Arrasateko Gazte Abesbatzaren sorrera "albiste bikaina" dela gehitu du.
Hain zuzen, lehen kontzertua emango du Arizmendi ikastolako abesbatzaren eta Goikobaluko talde gaztearen arteko elkarlanetik eratu den formazioak. "Pandemia aurretik ikastolako 50 lagun inguru batzen ginen abesbatzan, eta, ia bi urte geldirik egon ostean, irakasle bati omenaldia egiteko hamar bat kide batu ginen; hortik atera zen abesbatza berria sortzeko ideia", aipatu du Murgiondok.
Ondorioz, Goikobaluko partaide nerabeekin harremanetan jarri eta entseguei ekin zieten, eta hamazortzi lagun inguruko taldea osatu zuten: "Kantari gehiago animatzea gustatuko litzaiguke; hainbat proiektu ditugu esku artean; tartean, ekainaren 26an Parisko Disneylanden egingo dugun emanaldia".
AGAk errepertorio interesgarria eskainiko du: "Amazonasko tribu baten kantu bat eta Hego Afrikako beste bat, adibidez". Arturo Goikoetxearen pianoak lagunduko du kontzertua une oro, eta, amaieran, bi koruek batera abestuko dute.
Arrasate Musikalen presentzia
Musika eskolako Banda Gazteak kalejira egingo du gaur, 17:30ean hasita, erdigunean zehar, eta 19:00etan erreleboa pasako diete Arrasate Musikaleko gaiteroei. Urtero lez, etzi, 12:30ean, San Frantzisko elizan joko dute, eta ordu erdi lehenago irekiko dituzte ateak.