Ekintza berezia izango da mapping-a, izan ere, herriko ehun haur baino gehiagok egindako marrazkiak proiektatuko dira Udaletxeko fatxadan. Lanok egiteko orriak herriko establezimenduetan aurkitu dituzte haurrek, eta orain, arrasatear guztiek ikusi ahalko dituzte. Kulturateko larunbateko pintura-ikastaroko artista txikiek eta Txatxilipurdiko ludotekek ere parte hartu dute.
Hainbat arte-diziplina digitaleko sortzailez osatutako Logela Multimedia Production Studio taldearen eskutik eskainiko da bideo-mapping-a, Ibai-Artek antolatuta eta Arrasateko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin.
Argi eta kolorez beteriko ikuskizuna izango da, eta, Black Arrasateri amaiera emango diote ekimenarekin. Ez hori bakarrik, izan ere, Gabonetako kanpaina abiatzeko ere baliatuko dute.