Argien piztuera Aspace garuneko paralisiaren elkarteak eta Atzegi adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak egingo dute. Izan ere, Aspacek 50. urtemuga ospatzen du aurten eta Atzegik, berriz, 60. urteurrena. Horiekin batera, ekitaldian egongo dira udal ordezkariak ere, eta Goikobalu Txiki abesbatzak hainbat abesti eskainiko dituen ekitaldia girotzeko.
Urtarrilaren 7ra arte
90 estruktura jarriko dituzte herri guztian eta argiak urtarrilaren 7ra arte egongo dira piztuta. Aurten, berrikuntza eran, 14 metroko zuhaitza jarriko dute Biteri Etorbidean, eta hainbat otar argitsu ere bai herriko plazetan. "Horrez gain, argiteria publikoko farola ugari apaindu dira Garibai etorbidean, udaletxearen fatxada ere apaindu da, eta arkuak ezarri dira hainbat kaletan: bederatzi arku Erdiko Kalean, hamar arku Iturriotz kalean, sei arku Zerkaosteta kalean, hamabi arku Olarte kalean, zortzi arku Ferrerias kalean eta bost arku Maalako Errebalean". Horrez gain, hamabost zuhaitzetan ere led kordoiak ezarri dituzte Iturbide egoitzaren aurreko estantzia gunean eta Portaloian, eta auzoetako sarrerak eta hainbat zuhaitz ere apaindu dituzte. "Ipini den argiteria guztia eraginkorra da, energia kontsumo baxukoa eta jasangarria ingurumenarekin", azaldu du Udal Gobernuak.