Salatu dute gizarteak bizi duen sistema patriarkalak gizona emakumearen gainetik jartzen duela. "Bizitzako esparru guztietan eragina duen balio-sistema bat bultzatzen du eta emakumeenganako askotariko diskriminazio eta indarkeria ekintzetan islatzen da hori", azaldu dute.
Halaber, emakumeek, hainbat esparrutan, tratu txar psikologikoak jasaten dituztela salatu dute. "Hala nola, umiliazioak, sinesgarritasun eza, irainak, diruaren kontrola, abandonua, isolamendua eta abar". Horrez gain, adineko emakumeak haien burua defendatzeko zailtasun gehien dituzten kolektiboa izaten jarraitzen dutela adierazi dute. Hori dela eta, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako ahotsa indartu gura dute, egueneko mobilizazioetan parte hartzeko deia eginez.