Denboraldiko bosgarren garaipena erdietsi du Leintz Arizmendi taldeak Lesakako Beti Gazte taldeari sekulako jipoia eman ondoren (5-0). Partida oso txukuna jokatu dute debagoiendarrek etxean, eta hiru puntuak etxean gelditu dira, taldearen esfortzu handiari esker. Erasoan bikain aritu dira Leintz Arizmendiko neskak, baina defentsan ere segurtasun itzela erakutsi dute, eta atezainak ia ez du lanik izan gaurkoan.
Sailkapeneko zortzigarren postuan jarraitzen dute zuri-moreek hiru puntu hauei esker, baina aurretik dituzten taldeek baino partida bat gutxiago jokatu dute. Beraz, hurrengo jardunaldian, sailkapenean postuak aurrera egiteko aukera aparta izango du Leintz Arizmendik, derbian, Bergararen aurka.
Bergarak porrot mingarria
7-1eko porrota jaso du Bergara KE taldeak liderraren aurka, Oiartzunen. Liderrak bederatzi neurketatik zazpi irabazi ditu, eta mahoneroek ezin izan dute ezustekoa eman etxetik kanpo. Bergararrek, 13 punturekin, sailkapeneko bederatzigarren postuan jarraitzen dute, eta Leintz Arizmendiren aurkako derbian, 8. jartzeko abagunea izango dute, hurrengo jardunaldian.