Arrasateko taldeak 30-7 irabazi du etxean, Bilboko Unibertsitatea Valtecsa taldearen aurka. Garaipen borobila erdietsi dute zuri-moreek sailkapeneko goiko postuetan sendo jarraitzeko. Izan ere, Arrasateko mutilek denboraldian lau garaipen eta porrot bakarra izan dute gaur arte.
Norgehiagokaren hasierako minutuetan akats asko egin dituzte bi taldeek, baina Arrasatekoak nagusitzen joan dira apurka. Zuri-moreek lortu dute partidako lehen entsegua, baina Julen Barrutia entrenatzaileak neurketa ostean egindako adierazpenetan azaldu duen moduan, "lehen entseguaren ostean taldeak erritmoa eta intentsitatea galdu du". Hala ere, Debagoieneko taldearen defentsa oso sendoa izan da partida osoan zehar, eta apurka Kanpazar Arrasate puntuak pilatzen joan da markagailuan.
Julen Barrutia entrenatzailea pozik azaldu da emaitzarekin: "Bilboko taldeak gazteak ekarri ditu, errugbian asko dakitenak, baina garaipena lortu du, lan asko eginda. Mutilen lanarekin oso pozik nago".
"Presio ona egin dugu eta baloia ondo mugitu dugu zelaian zehar. Hala ere jokalariei intentsitate gehiago eskatu diet atsedenaldian. Fresko gaudenean dena ematera irten behar dugula zelaira, hain zuzen", azpimarratu du Barrutiak.
Hurrengo jardunaldiko norgehiagoka are garrantzitsuagoa izango da Arrasateko taldearendako, laugarren sailkatuta dagoen Domiberia taldearen etxean jokatuko baitute. Laugarren sailkatuarekin errenta handitzeko abagune polita izango dute arrasatearrek, beraz, hurrengo astebukaeran.