Asteburuan Polonian egingo duten Munduko Kyokushin Txapelketak Arrasateko hiru ordezkari izango ditu, Leire Valor, Aitor Madinabeitia eta Danel Izurrategi (kadetea). "Karatearen adar bat da kyokunshina, baina borrokaldietan kontaktu fisikoa onartuago dago; alegia, borrokaldiak gogorragoak dira", adierazi du Saioa Karate Taldeko Carlos Sanchez entrenatzaileak. Hirurendako debuta izango da mundu mailako txapelketan, nahiz eta Europakoan baduten esperientzia. Izurrategi kadete mailan lehiatuko da, Madinabeitia 21 urtez azpikoetan eta Valor senior mailan –hor, borrokaldiak KO-ra erabaki daitezke–. "Europako Txapelketan esku hartu zuten 2019an, Portugalen, eta podiumera igo ziren, lan txukuna egin zuten orduan. Badute esperientzia, eta borrokaldiak okertzen badira ere gauza dira egoerari buelta emateko".
Hiru karateken entrenatzaileak uste du pare bat borrokaldi irabazteko moduan egon badaudela. "Orain, garbi izan behar dugu mendebaldeko lurraldeetan borroka arteek jarraitzaile asko dituztela, zaila izango da podiumera igotzea. Eta beste kontu bat da iazko urtearen ostean ez dakigula borrokalari bakoitza non dagoen, nork hobetu duen asko eta zein den bakoitzaren maila. Alde horretatik ziurgabetasun handia izango dute denek".
Hitzordua Tauron pabilioi ikusgarrian egingo dute: "Sekulako erakuslehioa da, munduko onenak batuko dira bertan eta esperientziaz gozatzea da egin behar dutena".