LEKTURALIAren eta irakurketaren gaineko xehetasun interesgarriak eman ditu Gorka Aurre Urtzaak gaur, azaroaren 23a, Garaian.
PRAKAGORRI eta LEKTURALIA zer dira?
PRAKAGORRI, Irakurketa Jasoan eta Goi Mailako Ikasketarako Metodologietan espezializatutako enpresa izateaz gain, irakur-gaitasun jasoko irakurle eraginkorrak eta ikasketetan bikaintasuna darien pertsonak gaitzen dituen erakundea dugu. Helburuari dagokionez, geure ditugun gaitasun intelektualak mailarik gorenera eramanez gizaki bakoitzak bere baitan duen potentzialtasun guztia ateratzea da, apartak, erabat bikainak izaten irakatsiz.
Zein da, bada, gaur egun, irakurketarekin lotutako errealitatea?
Gazteetan, 7-11 urte bitartean ardura asko eta egonezin ugari sortzen du irakurketak, helburu, neurketa eta ahalegin handiak eskatu arren, oso emaitza gutxi eta urriak lortu eta gurasoen artegatasuna sortuz. 12 urtetik aurrera, berriz, ulertezina baldin bada ere, irakurketari ez zaio inolako arretarik eskaintzen, eta ikasleak ez du ondorengo urteetan bere irakurketa mailan inolako garapenik izaten. Irakurketak, egun, osasun oso txarra dauka. Oso gutxi irakurtzen da, eta ikasle zein helduk duen irakurketaren kalitatea, maiztasuna eta ulermena ere, oro har, oso urriak dira. Irakurketari ez zaio daukan garrantzirik ematen eta, ondorioz, eguneroko agendan ez zaio ez tokirik ez lehentasunik aitortzen, ahoz besterik esaten den arren. Irakurketarako ohiko metodologiak ulermen maila eskaseko ez-irakurleak sortzen ditu. Datu bezala, irakurletzat jo ditzakegun pertsonek –% 34 bakarrik– liburu bakarra irakurtzen dute hilean. Gure LEKTURALIA metodologiarekin, edozeinek, hilero 8-10 liburu, ulermen osoz, irakurtzeko gaitasuna lortzen du.
Ze metodologia darabilzue, bada?
Gure metodologiak, informazioa jaso eta bikain kudeatzeko, ohiko silabadun irakurketa zaharkitua bertan behera utzi eta ikus-eremu zabala ezartzen du irakurri beharrik gabe informazioa erabat ulertzea lortuz. Ohiko irakurketak aje kaltegarri ugari sortzen ditu, oso geldo eta ulermen gutxiz irakurtzeko ohiturak ezarriz. Eskaintzen dugun formazioa asteko ordubeteko saio presentzialetan ematen da. Ikasleak gure plataforman egunero ariketa batzuk egin behar ditu, irakurketa-paradigma errotik eraldatzeko ezinbestekoa baita. Bestalde, ikasleak adinaren arabera taldekatzen ditugu, ariketek ere adinaren araberako zailtasuna izaten baitute.
"Hilero zortzi liburu irakurtzeko gaitasuna eskuratzen dute gure ikasleek"
Irakurtzen berrikasi beharrean gara, beraz?
Bai, dudarik gabe. Irakurketa dugu gure barne mundua, ezagutza maila, hizkuntza, ahozko gaitasuna eta beste hainbat esparru landu eta maila gorenean jartzeko ardatz nagusia. Beraz, ohiko irakurketa errotik eraldatu ezean, gure izana murrizten dugu, irakurketak gizakia oso bihurtzen baitu. Irakurketa goi mailan kokatu nahi bada, metodologia jasoa behar da. Eta LEKTURALIAren bitartez irakurketa-paradigma errotik eraldatzen dugu, irakurketa goi mailan kokatuz. Irakurketa, gaur egun, adinaren arabera, modu askotan azaltzen da formazio prozesuan, eta ikasleei, ikas-mailan gora egin ahala, akats eta eragozpen ugari eta larriak sortzen dizkie. Irakurketa jasoa izateko bide bakarra… metodologia jasoaren jabe izatea da. Ez dago beste biderik.
Norentzat da LEKTURALIA?
Denentzako; 9 urtetik –edo 90 hitz minutuko irakurtzea– aurrera, adin mugarik gabe. Edozeinentzako da. Edonork eralda dezake bere irakur-gaitasuna, goi mailako irakurle izatea lortuz.
Ze esperientzia duzue?
Esperientzia oso ona eta emaitza are hobeagoak izaten ditugu gazte, nerabe, adinez nagusi zein helduekin. Adibidez, minutuko 110 hitz irakurriz %40ko ulermena duen 13 urteko edozein ikasle, minutuko 350etik gora hitz irakurtzen jartzen dugu %100eko ulermenez. Helduen kasuan ere gauza bera gertatzen da. Gure ikasle guztiek hilero gutxienez zortzi liburu irakurtzeko gaitasuna eskuratzen dute.
PRAKAGORRIn zer gehiago egiten duzue?
Beste gaitasun intelektual asko eta trebetasun ugari ere landu eta eraldatzen ditugu, hala nola ikas-metodologia eraginkorrak, buru-mapak, sintesi-teknika aurreratuak, komunikazio-teknika berriak, memoria garatu eta hobetzeko teknikak,... PRAKAGORRI erakunde pribatua da, eta gure ikerketa, jarduera eta emaitzak gizarteratuz jardun dugu azken hogei urteotan, garatutako metodologiak ikasle, guraso, norbanako pribatu eta ikastetxeei azalduz eta, bereziki, irakurketak dituen arazoei goi mailako irtenbidea emanez.
Non zaudete eta zein da zuen gonbidapena, beraz?
Garaia Parke Teknologikoan kokatuta gaude, eta irakurketaren inguruan argibideak gura dituenak bertan topatuko gaitu.