2016an sortu zen The Van, lehendik bertsioak egiten bazituzten ere. Izan ere, abesti propioak egiten hasi zirenean jarri zioten izen hori. 2019an estudioko lehen diskoa grabatu zuten, Grow izenpean, eta 2020ko urtarrilean kaleratu. COVID-19arekin bertan behera gelditu zitzaizkien aurkezpen kontzertuak, baina orain, formakuntza berriarekin itzuli dira zuzenekoetara, Alex Garcia abeslari eta gitarra-jolea izanik hasieratik mantentzen den kide bakarra.
Taldekideak gazteak badira ere, iraganeko doinuetan arakatu eta 70eko hamarkadako rock klasikotik edaten dute, southern rock, blues, country eta funky ukituak erantsiz abestiei.
Kalitate handiko musikariak dira, Azkena Rock Festival-ek 2020an antolatu zuen Euskal Herriko musika taldeen lehiaketan finalistak izan zirela da horren froga.
Bandcamp webgunean entzun daitezke Grow diskoko kantuak.