Konfiantza hartzeko moduko garaipena izan zen atzokoa Mugarri Ingourendako, ligako lehenengo lau jardunaldietan punturik batu ezinda ibili eta gero bosgarrenean etorri direlako puntuak. Arrasatekoak aurretik erretiratu ziren atsedenaldian aldagelara (12-11) baina errenta oso txikiarekin, eta kontrarioari arnasa emanez. Berez, Mugarri Ingou Galdakao baino gehiago da. Biak zeuden sailkapenean atzealdean, baina talde bizkaitarrak jipoi politak jaso ditu orain arte –partidu gehienak 10 gol baino gehiagoko aldeagatik galdu ditu– eta arrasatearrak, kontrara, nahiz eta partidurik irabazi ez, norgehiagoka ia guztietan izan dira lehiakorrak.
Horrenbestez, Galdakaok horrenbeste sufriarazi izana ez da berririk onena, etxekoei kosta egin zitzaielako, bereziki, ondo erasotzea baina badira partidua baino emaitza garrantzitsuagoa diren norgehiagokak, eta zapatukoa halakoxea izan zen, sailkapenean garaipenen laukitxoa hutsik ikustea pisutsua izaten delako. Eta koska hori dagoeneko arrasatearrek gainditu dute, iritsi dira lehenengo puntuak.
Emakumezko oñatiarrek ere lehen garaipena
Kategoria berean, multzoko oilarren arteko borroka izan zen Usurbilen, eta, Fagor Industrialen eta Usurbilen arteko lehian usurbildarrendako izan zen laugarren garaipena (31-25). Emaitza horrekin sailkapeneko lehenengo postuan daude, lehen baino nagusiago, oñatiarren kontura. Kontrara, Construcciones Aloña Mendiko neskak ibili ziren ondo, horiek ere ligako lehenengo garaipena eskuratu zuten eta. Berango Urduliz ere atzealdean dagoen taldea da, oñatiarren modura, baina horiei ondo irabazteko gauza izan ziren txantxikuak (32-26).