22.000 euro gehiago, "genero-indarkeriaren aurka borrokatzeko"

Eneko Azurmendi Barrena 2021ko aza. 5a, 14:00

Johanna Sanchez Arrasateko Udaleko Berdintasun zinegotziak jakitera eman du Espainiako Gobernuak 22.050,13 euro bideratuko dituela Arrasateko Udalera, "gaitz horren aurkako bai programak bai proiektuak finantzatzeko".  Era berean, "albiste pozgarritzat" jo du.

Sanchezek azpimarratu du diru publiko horren helburua dela emakumeen aurkako genero-indarkeriaren sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpainak finantzatzea, materialak, laguntza-unitateak, koordinazio-mahaiak edo lankidetza-tresnak egitea, eta biktimei arreta eta informazioa emateko udal-zerbitzuak indartzea.

Egun, Arrasateko Udaleko Berdintasun sailak ia 101.848 euro ditu udalerrian indarkeria matxistari aurre egiteko, eta bi programa bultzatzen ditu: batetik, genero-indarkeriaren aurka, 57.000 euroko partida bat, eta bestetik, eskoletan emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko plan bat, urtean 34.848 euroko inbertsioarekin. Horrez gain, tratu txarrak jasateko arriskuan dauden emakumeei laguntzea helburu duen programa ere aipatu du zinegotziak, 10.000 euroko aurrekontuarekin. "Gainera, udaletik aholkularitza juridikoko zerbitzu bat bultzatzen dugu, eta prestakuntza programa bat dago ere udaltzainei zuzenduta indarkeria matxista prebenitzeko", gaineratu du.

Era berean, Jabetza Eskola aipatu du Sanchezek. "Emakume Txokoan emakumeen ahalduntze pertsonala eta kolektiboa sustatzen da, emakumeek bizitzako esparru guztietan parte har dezaten". Horrez gain, azaldu du hainbat jarduera lantzen ari direla azaroaren 25erako, Emakumearen Aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunerako eta, udalak urtero "indarkeria matxistarik gabeko jaiak" kanpaina garatzen duela. "Karpa bat eta laguntza-telefono bat jartzen ditu, sexu-erasoak prebenitzeko eta sentsibilizazioa, informazioa eta prestakuntza bultzatzeko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak