Musakolako auzotarrei luze egin zaie urte eta erdian kaleko ekitaldirik ezin ospatu izana. Iazko San Isidro egunaren bueltako jai ofiziala etxetik ospatu behar izan zuten, eta aurten eragozpenak izan dituzte maiatzaren erdialdean gorriz markatutako datan kaleko ekitaldiak egiteko.
Txanponaren beste aldeari dagokionez, berriz, jai batzor-deak iazko eta aurtengo diru-partidak mantendu egin ditu: "Urte amaieran bukatzen zitzaigun aurrekontua gastatzeko epea, eta, oporretatik bueltan ekitaldiak egiteko aukerak izango genituela ikusi genuenez, azaroan eta abenduan garatzeko ekintza-plan bat aurkeztu genuen Udalean, Musakola bizirik! izenpean", adierazi du Mikel San Miguelek, Musakolako jai batzordeko kideak.
Indartsu hasteko, kontzertua
Udal agintariek begi onez ikusi zuten jai batzordetik proposatutakoa. Behin baimena lortuta, egitarauaren irekiera rock kutsuko emanaldia izateko lanean jarri ziren, jaialdia Ziorla Fest izendatuta: "Taldeak lotzea ez da erraza izan, mugimendu handia dagoelako oraingo testuinguruagatik". Hala ere, sona handiko bi banda, The Capaces eta Cobra, eta duela gutxi sortu den tokiko talde bat, Los Zarrios, ekartzea lortu dute, Bomber Booking musika-agentziako Zuhaitz de Indaren laguntzarekin. Auzoko jaietako kontzertu nagusiari ematen dioten antzeko itxurako kartela osatu dute modu horretan, "beti" saiatzen baitira herriko talderen bat eta kanpoko zenbait talde interesgarri ekartzen.
Izan ere, Jimmy Lamentosen gitarra, Aitor Akizuren harmonika eta Jon Nevadoren garbitzeko taula dira Los Zarrios osatzen duten hirukotearen musika tresnak, baina azken horren soinua faltako da biharko saioan, Berlinera joango baita Nevado. Nolanahi ere, jatorri amerikarreko country, folk eta blues doinuez gozatu ahal izango dute ikus-entzuleek. Hain zuzen ere, ingelesezko bertsioak eta gazteleraz eta ingelesez egindako kantu propioak eskainiko ditu kontzertuari hasiera emango dion Los Zarrios taldeak.
Lamentosek dio modu "etxekoi eta naturalean" sortu zutela hirukotea, pandemiaren hasieran: "Nevado eta biok bizilagunak garenez, elkarrekin bazkaltzeko ohitura hartu genuen; nik abesti batzuk jotzen nituen, berari perkusioarekin jarraitzeko gogoa sartu zitzaion, baina ez zekien nola. Garbitzeko taula erosteko gomendatu nion, eta hala hasi ginen elkarrekin jotzen. Gero batu zitzaigun Aitor, bere harmonikarekin".
Musakolakoa publiko aurreko hirugarren emanaldia izango dute, "egurra ematen duten bi talderekin batera". Kataluniako hard-rock estiloko The Capacesi eta Berri Txarrak eta Kokeineko kidez osatutako Cobrari buruz ari da Lamentos.
Honenbestez, San Isidro elizaren aurreko plazan izango da kontzertua, eta 19:30ean emango dio hasiera Los Zarriosek. Gainera, auzoko tabernariek kudeatuko duten txosnak bere tokia izango du Ziorla Fest jaialdian, eta salmenten etekinak beraientzat izango dira, "hilabete hauetan jasandako galerei erantzun bat eman nahian".
Esentziari eutsi guran
Jai batzordeak ahalegin berezia egin du urtean zehar auzotar guztiei begirako ekitaldiak aurrera ateratzeko, eta joera horri eutsi nahi izan diote. Zigarrola bizirik! kartela ikusi besterik ez dago. Gazteenei begirako hiru ekitaldi antolatu dituzte datorren zapatuan hasi eta San Nikolas egunera arte. Familiendako, bestalde, Baserritar Eguna berreskuratuko dute, "Santamas aurretik ere giro berezi hori sor dadin". Eta Zigarrolaren zigilua daraman lasterketa ere ez da faltako urteari behar bezala agur esateko.
TXIKI ETA NAGUSIENDAKO EKITALDIAK
AZAROAN:
• Oliver magoa, hilaren 13an, 17:30ean, Musakolako herri eskolan.
• Kikikomoko pailazoak, hilaren 20an, 17:30ean, Musakolako herri eskolan.
ABENDUAN
• San Nikolas eguna, hilaren 6an, 12:00etan, Musakolako herri eskolan.
• Baserritar eguna, hilaren 18an, trikitilarien egun osoko kalejirak lagunduta.
• Gabon eguna, hilaren 24an, gaiteroen egun osoko kalejirak lagunduta; 19:00etan hasita, kantu-poteoa herriko tabernetan.
• San Silvestre lasterketa, hilaren 31n,12:00etan, Legarre plazatik hasita.
• Gabon zahar eguna, hilaren 31n, gaiteroen egun osoko kalejirak lagunduta; 19:00etan hasita, kantu-poteoa herriko tabernetan.