"Jarraipen zabala" izan dute Aita Menniko hiru greba egunek ELAren hitzetan

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 4a, 15:22

Asteartean atari honetan jaso bezala, Aita Menniko hainbat langilek hiru greba egun egin dituzte ELA sindikatuak deituta. Sindikatuaren arabera, "jarraipen zabala" izan du deialdiak, eta gatazka hau konpontzeko "urrats errealak" eman ezean, langileek mobilizazio eta greba dinamikak indartuko dituztela iragarri dute.

ELA sindikatuak "positiboki" baloratu du azken hilabeteetan Aita Mennin deitu dituzten greba egunek izandako jarraipena. Enpresaren zuzendaritzaren eta hainbat langileren arteko tirabirak hasi zirenetik hamar greba egun deitu ditu sindikatuak erakunde arrasatearrean; azken hiruak aste honetan bertan. Eusko Jaurlaritzaren aurrean egindako elkarretaratzearekin hasi zuten geldialdi astea, eta asteazkenean Gesalibarko zentroaren atarian egindako kanpaldiaren ostean, gaur amaitu dute hiru eguneko grebaldia Arrasateko erdigunean egin duten manifestazioarekin.

Prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez, "langileenganako presioarekin, greba eragin gabe utzi nahi izan du enpresak eta langileen batzordea gainontzeko lankideen aurka jartzea nahi izan du". Bide horretan, ELAk "gogor" salatu du enpresak izandako jarrera: "Non dago langileenganako eta pazienteenganako errespetua?"

Greba dinamiken indartzea

Enpresaren zuzendaritzak jarrera aldatu ezean eta gatazka hau konpontzeko "urrats errealak" eman ezean, langileek mobilizazio eta greba dinamikak indartuko dituztela iragarri du sindikatuak. "ELAk langileen eta pazienteen ongizatea bermatzeko beharrezko urratsak ematen jarraituko du", adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak