Iban Arroiabe: "Iaz batu genituen 5.000 euroak azaroa hasi aurretik gainditu ditugu aurten"

Eneko Azurmendi Barrena 2021ko aza. 4a, 16:45

Iban Arroiabe Mondravember-eko kidea, bibotea atontzen, King`s ile-apaindegian.

Prostatako eta barrabiletako minbiziaren gaineko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa helburu duen Mondravember ekimenak hilabete osorako egitaraua osatu du aurten ere, gaitz horien ikerketarako dirua batzeko. Ekimeneko kideak itxaropentsu daude, izan ere, 2020an batutako diru kopurua batu dute dagoeneko.

Ohiturari jarraituz, King`s ile-apaindegian elkartu ziren joan den egubakoitzean Mondravember ekimeneko hainbat kide, bibotea atontzeko. Hain zuzen, ile-apaindegi horretan azaroan egiten dituzten bizar-mozketa guztiekin batutako dirua prostatako eta barrabiletako minbiziaren ikerketara bideratuko dute, Arkaitz Carracedok zuzentzen duen laborategira, eta helburu bera izango dute hilabete osoan egingo dituzten ekintza guztiek ere.

Azaroaren 12an, esaterako, bisita gidatu bat egingo dute Arantxa Otadui historialariaren eskutik, Erdi Aroko Arrasate ezagutzeko, 18:30ean alde zaharrean. 36 pertsonak hartuko dute parte, bakoitzak 3 euro ordainduta, eta diru kopuru hori Feel Euskadi enpresak Mondravember taldeari emango dio –sarrerak agortuta daude jada–.

Azaroaren 13an Taxkan afari solidarioa egingo dute. 45 pertsonarendako lekua zegoen, bakoitzak 30 euro ordainduta, eta sarrerak agortu egin dira. 

Bailarako topaketa, Elorregin

Azaroaren 20an Debagoieneko bigarren topaketa egingo dute, Elorregin eta salda eta txorizoa egongo dira, euro baten truke. "Intentzioa da kirol apur bat eginez gerturatzea hara, Oñatitik, Antzuolatik, Bergaratik zein Arrasatetik, eta goiz polit bat pasatzea, musikak girotuta", dio Mondravemberreko kide Iban Arroiabek. "Halaber, merchandising-a ere edukiko dugu salgai".

Azaroaren 27a, egun handia

Hilabetea borobiltzeko eguna azaroaren 27a izango da. Lehenik, 09:00etan mendi irteera egingo dute, Kurtzetxikira. "Gero, 12:00etan, paella prestatzen hasiko dira Ondarrutik etorritako lagun batzuk". Izan ere, 14:30ean, paella-jana egingo dute Seber Altuben. Doan eskainiko dute paella eta kutxa batzuk jarriko dituzte, herritarrek haien borondatea utz dezaten. Horrez gain, txosna ere jarriko dute.

Aurrez, 13:00etan, Herria Korrika egingo dute alde zaharrean. "Herritarrak gurekin korrika egitera animatuko ditugu. Lagunarteko korrika saio bat izango da, saririk gabekoa, ekimena herrian ikustarazteko".

13:30ean, Aitor Sarriegi eta Unai Agirre bertsolariak ariko dira giroa alaitzen Seber Altuben. "Aspaldiko bizikleta bat atontzen ari gara, Mondravember-eko logoarekin eta abar, eta asmoa da bizikleta enkantean ateratzea. Bertsolariek lagunduko digute hori gauzatzen".

19:00etan, kontzertuak egongo dira, hauek ere Seber Altuben: Wood Strings, La Ultima Bala eta Ixsy Iroi.

Azkenik, egunean zehar garagardo artisau dastatzea egongo da: Baias (Araba), Cosa Nostra Beer (Valentzia) eta Castello Beer Factory (Castello). Etekinen %20 bideratuko dute ikerketara. 

Egitaraua osorik

Azaroak 12. Bisita gidatua, Erdi Aroko Arrasateren gainean. 

Azaroak 13. Taxka tabernan, afari solidarioa.

Azaroak 20. Debagoieneko topaketa, Elorregin.

Azaroak 27. Askotariko ekintzak, egun guztian zehar.

  • 09:00etan, mendi irteera, Kurtzetxikira.
  • 13:00etan, Herria Korrika, alde zaharrean.
  • 13:30ean, Aitor Sarriegi eta Unai Agirre bertsolariak, Seber Altuben.
  • 14:30ean, paella-jana, Seber Altuben.
  • 19:00etan, kontzertuak, Seber Altuben.
  • Egun guztian zehar, garagardo artisau dastatzea, Seber Altuben.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak