Aita Menniko hainbat langilek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 2a, 18:11

Aita Menniko hainbat langile, Eusko Jaurlaritzaren aurrean egin duten elkarretaratzean

Urriaren 13 eta 14ko azken greba egunen ondotik, azaroaren 2tik 4ra mobilizazioak deitu ditu ELA sindikatuak Aita Menni zentroan; horien artean, gaur elkarretaratzea egin dute hainbat langilek Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Ekimen honekin Osasun Sailari langileekin bildu eta gatazkaren konponbidean esku har dezan eskatu diote.

ELA sindikatuak deituta, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean bildu dira gaur Aita Menni zentro psikiatriko arrasatearreko hainbat langile. Sindikatuak prentsa ohar bidez adierazi duen bezala, langileek lau urte daramatzate hitzarmena sinatu gabe, eta besteak beste, "lanaldien jeitsiera, langileen rotazioarekin amaitzeko eta kontratazioa arautzeko neurriak edota lan osasunari dagokion neurriak" eskatzen dituzte greban dauden langileek.

Bada, osasun mentalaren alorrean Aita Mennik Osakidetzak eskaintzen ez duen zerbitzua ematen duela argudiatuta, eta Foru Aldundiek zein Eusko Jaularitzako Osasun Sailak itundutako zerbitzua dela kontuan izanda, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean bildu dira hainbat langile. "Administrazioek ere badute zeresana gatazka honetan", adierazi dute prentsa ohar bidez, eta bide horretan, "Osasun Sailari langileekin biltzeko eskaera" egin nahi izan diete, "ospitaleko langileen zein pazienteen berri eman eta gatazkaren konponbidean esku hartzeko" iradokiz.

Mobilizazioak bihar eta etzi

Gaurko zazpigarren greba eguna, baina, ez da azkena izan. Izan ere, bihar eta etzirako ere greba deialdia egin du ELA sindikatuak, bina mobilizaziorekin. Lehena bihar bertan, asteazkena, goizeko 11:00tik aurrera, ospitale aurrean kanpaldi bat eginez; bigarrena, aldiz, etzi, osteguna, Arrasateko plazatik abiatuko den manifestazioarekin (11:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak