Hainbat ekintza egingo dituzte aurten ere, Movember ekimenaren baitan. Gogoratu behar da prostata eta barrabiletako minbiziaren gaineko sentsibilizazio ekimena dela Movember, eta keinua egiteko modua azaroan zehar bibotea eramatea dela.
Mondravember mugimenduko kide da Iban Arroiabe, eta azaldu du Kings ile-apaindegiak ekarpena egingo duela beste behin: "Azaroko bizar-mozketa guztiekin batutako dirua Movember fundaziora bideratuko da; hain zuzen ere, Deriora". Bertan Arkaitz Carracedok zuzendutako laborategia dago eta minbizia ikertzeko bideratu nahi dute dirua.
Bestetik, azaroaren 13an afaria antolatu dute, diru gehiago batzeko. 45 pertsonarentzako lekua egongo da Taska tabernan, eta 30 euroren truke eman ahalko da izena. "Oraindik jendea garaiz dago izena emateko", azaldu du Arroiabek. Eta bailarako topaketa 20an izango da. Iaz bezala, Elorregin batuko dira gai honen bueltan lanean ari diren eragile debagoiendarrak.
Azaroaren 27a, egun handia
Azaroko azken zapaturako, egun osoko egitaraua prestatu dute Mondravemberreko kideek; gainera, aurten, ezohiko kontua egingo dute: doako paella-jana. "Herritar guztientzako bazkaria egingo dugu eta doan izango da. Nolanahi ere, borondatea eman nahi dutenek aukera izango dute dirua saski batzuetan uzteko", azaldu du Arroiabek. Bazkariaren aurretik krosa egingo dute; antolatzaileen esanetan, aurten "kirola eta osasuna" izango direlako ardatz. Eta Arroiabek gehitu du bertsolariak ere izango direla eta arratsaldean kontzertuak egingo dituztela. Seber Altube plazan izango da dena.