Gaztetxea, herriko musikarien agertoki

Hasier Larrea 2021ko urr. 29a, 12:33

Banana Shake taldeko musikariak, Depos-Gaz elkarteko euren entsegu lokalean, abestiak prestatzen.

Banana Shake zazpikoteak debuta egingo du oholtza gainean gaur gauean, 22:30ean hasita. Bihar, Ekiñe Casadoren txanda izango da: 19:00etan, 'Besterik ez' diskoa aurkeztuko du. Datorren astean, Perlata eta Crap taldeek emango dute kontzertua.

Aste honetan, lau egun jarraian izango du aktibitatea gune autogestionatuak: asteazkenean, EHGAM kolektiboak KOSA hausnarketa prozesua aurkeztu zuen, Noiz bukatzen da armairua? liburuaren aurkezpen eta guzti; atzo gauean, Kooltur Ostegunen baitako kontzertua eman zuten Joseba Irazoki eta Lagunek; eta datorren astean, Iker Martinez eta Zaldi Herrenak taldeak estreinatuko du azaroko egitaraua.

Gaur eta bihar ere, musika nagusituko da gaztetxean, eta nabarmentzekoa da arrasatearrak izango direla oholtzatik pasako diren musikari guztiak.

Freskagarri berria

25 eta 27 urte inguruko lagun talde baten "konfinamenduko asperduratik" sortu zen Banana Shake musika taldea. "Nor bere etxean entseatzen hasi zen, eta, gogotsu geundela ikusita, ea entsegu lokala eskuratzerik bageneukan galdetu genuen Udalean. Zortea izan genuen, tokia egin baitziguten Depos-Gaz elkarteko gela batean", adierazi du taldeko kide Aitor Abarrategi gitarra-joleak.

Zazpikotea lehen aldiz ikusteko aukera egongo da gaur gauean, baina zer jotzen duten aurreratu dute jada. "Arrasaten ohikoak diren soinu bandak, RIP eta halakoak, aukeratzen ditugu bertsioak egiteko, baina gure erara moldatzen ditugu abestiak", aipatu du Abarrategik. Rocketik edaten duen errepertorioa taularatuko dute, beraz, baina haize-instrumentuen indarrarekin. Gainera, hiru abesti propio konposatu dituzte dagoeneko: "Emanaldia ondo irteten bada, aurrera egitea espero dugu".

ASTE HONETAN ETA HURRENGOAN, EGUEN, BARIKU ETA ZAPATUAN EGINGO DIRA KONTZERTUAK

Mimatutako kantak bihar

Ekiñe Casado bakarlaria martxoan ateratako Besterik ez diskoa aurkezten dabil azkenaldian. Joan den asteburuan Bergarako Seminarixoan jo ostean aipatu zuen "harrituta" gelditu zela tokiarekin. Ez zaio hori pasako gaztetxean, ondo ezagutzen bai-tu aretoa, baita jarduerak antolatzeko lan egiten duten boluntarioak ere.

Ekiñe, Bergarako Seminarixuan, joan den asteburuan.

Indarra dute datozenek

Azaroaren 5ean, barikua, Ez Donk Amaitu ekimenarekin lotutako kontzertuak egingo dira toki berean. Hala, Perlata hirukoteak eta Gasteizko Zero taldeak seigarren martxa jarriko diote 22:00etatik aurrera sortuko den giroari. Beste horrenbeste egiten saiatuko dira Crap-ekoak hurrengo egunean, ordu berean, Iruñetik etorriko diren Streetwise eta Herdoil taldeekin batera, Gazte Koordinadora Sozialistaren Leintz Bailarako aurkezpen ekitaldiaren baitan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak