Garaia Parke Teknologikoan dituen bulegoak maiatzean ireki zituzten arren, pasa den astean inauguratu zituen Daunert Maquinas-Herramientasek instalazioak. Ostiraleko aurkezpen ekitaldira hainbat arduradun hurbildu ziren Cornellá de Lllobregateko egoitza nagusitik; besteak beste, enpresaren jabe den Fritz Daunert, gerente den Antonio Jover eta merkataritza zuzendari den Ignacio Garcia del Palau.
Iñaki Duandikoetxeak, Igor Zabalak eta Angel Bravok ere ez zuten Garaiako zitara hutsik egin; hiru hauek dira enpresa kataluniarraren ipar zonako ordezkariak, eta hauei aterpe ematea da, hain zuzen, Arrasateko eraikineko bulegoen funtzioa. "Bezeroengandik hurbilago egotea eta laguntza egokiagoa zein profesionalagoa ematea da helburua", adierazi zuten arduradunek.
Garaia Parke Teknologikoaren instalazio guztiak ezagutzeko aukera ere izan zuten aurkezpenaren ondotik, ekintzailetzarako gune eta zerbitzuak bisitatuz.