Hamalau entzuleren aurrean egin zuten aurkezpena bultzatzaileek. Azaldu zuten lau direla elkartearen helburu nagusiak eta definitzeko daudela, oraindik ere, taldearen funtzionamendua eta jardueren dinamika. Ekarpenak jasotzeko prest daudela esan zuten.
Kontzientziaren esnatze prozesua landuko dute elkartean, eta ongizatea dute helburua. Gizakia gorputza, adimena eta arima direla azaldu zuten eta bide horretan meditazioak, tai-txi, reiki, musikoterapia... saioak antolatu nahi dituzte. “Zaila da gure jarduera azaltzen, baina mundu honetan gaudenok badakigu zertaz ari garen eta askotan ez gara oso ulertuak sentitzen. Elkartuta gauzak beste modu batera egin daitezkeela uste dugu, eta hori da asmoa”, azaldu zuten.
Lokala Uribarri auzoan
Elkartea eratuta dago eta egoitza izango den lokala ere alokatuta dago. Uriburu kaleko 27. atarian aurkitzen den ehun metro karratuko espazioa da. Hiru gela, bi komun, espazio itxi bat eta biltegia ditu. Mugimendu gela, lasaitasun gela eta txokoa izango dituela aurreratu zuten.
Funtzionamenduak antzekotasun handiak izango ditu elkarte gastronomiko baten funtzionamenduarekin eta oraingoz bi bazkide mota izango ditu. Alde batetik, batzarrean botoa eta aretoko giltza izango duten bazkideak egongo dira, eta bestetik bazkide baino gehiago erabiltzaile izango diren bazkideak –giltzarik eta botorik gabe–. Azken horiek antolatutako jardueretan parte hartzeko aukera izango dute, batez ere.
Lehenengoek 30 euroko kuota ordainduko dute hilean eta bigarrengoek 12 euro hileko. Ez da beharrezkoa arrasatearra izatea bazkide egiteko.
Lau helburu nagusi
Ulertuak sentitzeko komunitate bat sortzea da Kontzientzia Elkartearen lehen helburua. Bigarrena, berriz, ongizate eta garapen pertsonalera zuzendutako ezagutzak eta tresnak eskura ipintzea kontzientzia esnatzeko prozesuan laguntzeko. Hirugarren helburua da zentroa ezagutzera ematea eta azkena elkartearen zabalkundea sare handiago bat eratzeko.
Informazio gehiago nahi dutenek hainbat bide dituzte bultzatzaileengana heltzeko: kontzientzia.zentroa@gmail.com edo 617 24 29 95.
