Duela bost urte hasitako ibilbidean, asko izan dira Kontseiluan parte hartu duten neska-mutilak, eta aurten, berriz ere, Arrasateko Arimazubi, Gazteluondo, Herri Eskola eta Santa Teresa eskoletako 20 lagun izango dira taldean.
Azken urteetan hainbat gai eta proposamen landu dira, besteak beste: ur parkea, parkour parkea eraikitzeko proposamena, mahai joko baten sorrera (herriko izakien arteko elkarbizitza zaintzeko eta soluzioa behar duten egoerak modu kooperatiboan lantzeko) eta umeentzako bozketa sistemaren sorrera. Azken horren ondorioz, umeek aurrekontu parte hartzaileetan bozkatu ahal izango dute aurten.
Ikasturte honetarako gaiak eta edukiak, beti bezala, Kontseilukideekin erabaki eta landuko dira. Izan ere, Udalaren esanetan, "kontseiluaren helburua da haurren parte hartzea sustatzea herri mailan eta euren interesetatik sortzen diren proposamenak garatzea, betiere udalarekin harremanetan eta fokua herrian jarrita".
"Prest egoteagatik" eskerrak
Maria Ubarretxena alkateak harrera egin die Udaletxean eta eskertu egin die bertan parte hartzeko izan duten prestutasuna: “Hilabetetako lana dugu aurretik, baina ezinbestekoa da beraien ahotsa eta nahiak entzun eta Udaletik garatzen diren proiektuetan presente izatea, guztion ezaugarrietara eta beharretara egokitutako Arrasate hobe bat eraikitzen jarrai dezagun”.