Arrasateko Udalak eta Debagoieneko Landa Garapenerako Elkarteak antolatuta egiten duten Bertako Produktuen Azokan sagarra izan da gaur protagonista berezia.
Bi izan dira euren postuetan askotariko sagar motak salgai izan dituzten baserritarrak: Ezkio Itsasoko Haristizabal baserriko Eneko Solana eta Aramaioko Likiniao baserriko Anjel Mari Padilla. "Hamar-hamabi barietate ekarri ditut eta gustura nago gaurko azokan izan den mugimenduarekin", azaldu du Solanak. Anjel Mari Padillarentzat bigarren aldia izan da azokan sagarrekin izan dela eta batez ere jateko sagarrak ekarri dituela azaldu du, ez hainbeste sagardoa-eta egitekoak. Bi postu horietaz gain, azoka beste zenbait postutan ere egon dira sagarrarekin zerikusia zuten produktuak.
Hamar otarren zozketa
Beste urte batzuetan sagarraren bueltako bestelako ekintzak egin izan dituzten arren, aurten, osasun egoera tarteko, ezin izan dute halakorik egin. Baina Haristizabal baserriko bost kilo sagarrez, sagar-zuku botila batez eta sagar-marmelada pote batez osatutako hamar otar zozketatu dituzte gaurko azokan erosketaren bat egin duten herritarren artean.
Antolatzaileak baikor agertu dira gaurko azokak izandako erantzunarekin: "Salmenta aldetik ondo joan da, eta ikusten dugu gazte jendea ere etortzen dela Azokara", azaldu du Landa Garapenerako Elkarteko Agurtzane Diazek.