Nazkatuta daudela adierazi dute gaurko elkarretaratzean: "Beste erailketa matxista baten kolpea jasota hasi dugu astea, eta amorruz utzi gaitu berriak, nazkatuta... aski da! Beste erailketa bat gehiago, beste emakume bat gutxiago...noiz arte? Berriz ere kalera atera gara, behingoz emakumeon aurkako sarraski hau amaitu dadin".
Gainera, ekintzetara salto egitea "presazkoa" dela diote: "Ekintzetatik praktikara salto egin behar dugu berehala, indarkeria matxista errotik sostengatzen duten genero sistema eta botere harremanak deuseztatzeko. Izan ere, erailketa hau ez da fenomeno isolatu bat, bizi garen jendartearen antolaketa sakonki sexistaren emaitza baizik"
"Egoera jasangaitza da"
Gizarte osoa interpelatu dute: "Egoera jasangaitza da, eta dei egiten diegu eragile sozial, ekonomiko, instituzional, politiko zein kultural guztiei indarkeria matxistaren aurka tinko borrokatzeko, gaitz honen aurrean arduraz jokatzeko. Izan ere, norbanako zein kolektiboen ardura da indarkeria matxistarekin amaitzeko benetako urratsak ematea, eta horretarako ezibestekoa da denok lehen mailako arazotzat hartzea".
Horrez gain, autodefentsa feministarako deia egin dute beste behin ere: "Arrasateko mugimendu feministatik, gure aurkako bortizkeria honen aurrean, azken erailketa matxista hau gogor salatzen dugu. Honekin batera autodefentsa feministaren aldeko deia egiten jarraitzen dugu, gure bizitzak jokoan daudelako eta horiek defendatzea besterik ez dugulako. Martxan jarraituko dugu, elkarrekin, borrokan denok aske izan arte!".